VENEZUELA
AEBk bertan behera utzi ditu Venezuelarekin dituen hegaldi guztiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak AEBren erabakia salatu du, eta 'zirkulatzeko askatasunaren aurkako erasoa' dela esan du.
AEBk bertan behera utzi ditu Venezuelarekin dituen hegaldi guztiak, bidaiarien, hegazkinen eta tripulazioko kideen segurtasuna arriskuan jartzen duten "baldintzak" argudiatuta.
Kevin McAleenan AEBko Segurtasun Nazionalerako Departamentuko bitarteko idazkariak zabaldutako oharraren arabera, "zama eta bidaiari hegaldi guztiak" eten dira.
Erabaki hori hartzeko arrazoien artean, Venezuelak egun duen ezegonkortasun politikoa, bi herrialdeen arteko tentsioaren gorakada eta hegaldiei lotutako nahi gabeko arriskua aipatu dituzte.
Hegaldien etenaldia "mugagabea" izango da. Estatu, Garraio eta Segurtasun Nazionalerako Departamentuek Venezuelako egoera gainbegiratzen jarraituko dute eta, aldaketarik izatekotan, neurria berrikustea erabakiko dute.
Garraio Departamentuak beste ohar batean adierazi duenez, AEBren eta Venezuelaren arteko "aire zerbitzua" bertan behera uzteko agindua eman du.
Hiritarren "zirkulatzeko askatasunaren aurka" egitea leporatu dio Madurok Trumpi
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak AEBk hartutako erabakia salatu du, eta horrekin ez dutela ezer irabazten esan du. Horrez gain, "zirkulatzeko askatasunaren aurka" egitea egotzi dio Trumpi.
"Zer irabazi du Trumpen Gobernuak hegaldi komertzialak bertan behera utzita? Ezertxo ere ez, beren buruari egin diote kalte. Zirkulatzeko askatasunaren aurkako erasoa da", esan du Madurok telebistan eta irratian zabaldutako mezuan.
"Donald Trump! Non dago askatasuna? Non dago zuek aldarrikatzen duzuen askatasuna?", gaineratu du.