GERRA KOMERTZIALA
Trumpek % 25era arteko muga-zergak ezarriko dizkie Mexikoko produktuei
AGENTZIAK
Mexikotik AEBra inportatzen dituzten produktuei % 5eko muga-zerga ezarriko die ekainaren 10etik aurrera, migrazio krisiari erantzunez. Halaber, aldaketarik ezean, % 25era igotzearekin mehatxu egin du.
Donald Trump AEBko presidenteak Mexikoko produktuei muga-zergak ezartzea erabaki du ekainaren 10etik aurrera, Mexikotik barrena paperik gabeko migratzaileak sartzen diren bitartean. Hasiera batean, muga-zerga hori % 5ekoa izango da, baina aldaketarik ezean, % 25era igoko da.
"Ekainaren 10etik aurrera, Ameriketako Estatu Batuek % 5eko muga-zerga ezarriko die Mexikotik gure herrialdera sartzen diren produktu guztiei, harik eta Mexikotik gurera datozen legez kanpoko migrazioa eteten den arte", adierazi du Trumpek bere Twitter kontuan.
Presidente estatubatuarrak azaldu duenez, "muga-zerga hori pixkanaka-pixkanaka igo egingo da legez kanpoko migrazioaren arazoari konponbidea jarri arte. Orduan, bertan behera geldituko dira".
On June 10th, the United States will impose a 5% Tariff on all goods coming into our Country from Mexico, until such time as illegal migrants coming through Mexico, and into our Country, STOP. The Tariff will gradually increase until the Illegal Immigration problem is remedied,..
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 30 de mayo de 2019
Etxe Zuriak zabaldutako informazioaren arabera, egutegi zehatza ondorengoa izango da: "(Mugako) krisiak bere horretan jarraitzen baldin badu, muga-zergak % 10era igoko dira uztailaren 1ean. Mexikok neurririk hartzen ez badu, muga-zergak % 15era igoko dira abuztuaren 1ean, % 20ra irailaren 1ean eta % 25era, ostera, urriaren 1ean".
Dena dela, paperak dituzten mexikarrek AEBn sartzeko ez dutela arazorik izango azpimarratu du.
Lopez Obradorrek elkarrizketarako deia egin dio Trumpi
Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak elkarrizketarako eskaera egin dio AEBko presidenteari, gutun baten bitartez. Zehazki, Marcelo Ebrard Atzerri Ministroa buru dela, Mexikoko ordezkaritza bat Washingtonera joango da ostiral honetan "bi nazioentzat ona litzatekeen akordio bat lortzeko asmoz".
"Elkarrizketan sakontzea proposatzen dizut, migrazioaren arazoari sakoneko alternatibak bilatzea", nabarmendu du.
Jesus Seade Mexikoko Ipar Amerikarako Gaietarako Atzerri ministrordeak bere aldetik muga-zergen igoerak gerra komertzial bat eragin dezakeela ohartarazi du. Hala ere, gertatuz gero, Mexikok erantzun irmoa emango duela gaineratu du.