AKORDIOA
Trumpek muga-zergak baliogabetu ditu, Mexikorekin migrazio-akordioa lortu ostean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi gobernuek egindako akordioaren arabera, AEBetako muga modu irregularrean igarotzen duten asilo-eskatzaile guztiak itzuli egingo dituzte Mexikora.
Ameriketako Estatu Batuek eta Mexikok akordioa lortu dute gaur migratzaileen inguruan. Hala, AEBk Mexikora itzuliko ditu muga modu irregularrean igarotzen duten asilo-eskatzaile guztiak; eta akordio horri esker Donald Trump presidenteak bertan behera utzi ditu astelehenean indarrean sartu behar ziren arantzel edo muga-zergak.
"Astelehenean Mexikoren kontra indarrean sartu behar ziren muga-zergak bertan behera geratu dira. Trukean, gure hego-mugan Mexikotik jasaten dugun marea migratzailea geldiarazteko neurri zorrotzak hartzea onartu du Mexikok", iragarri du Trumpek Twitterren.
I am pleased to inform you that The United States of America has reached a signed agreement with Mexico. The Tariffs scheduled to be implemented by the U.S. on Monday, against Mexico, are hereby indefinitely suspended. Mexico, in turn, has agreed to take strong measures to....
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 8 de junio de 2019
Bi gobernuek publiko egin duten akordio xehatuak dio AEBtako muga modu irregularrean igarotzen duten asilo-eskatzaile guztiak Mexikora itzuliko dituztela. Kolektibo hori da egungo jario migratorioan gehiengoa.
"Asiloa eskatzeko, AEBtako hegoaldeko muga igarotzen dutenak Mexikora itzuliko ditugu, eta Mexikon itxarongo dute euren eskaeraren erantzuna" adierazi dute Trumpen eta Lopez Obradorren exekutiboetako iturriek.
Mexikok "pertsona horien sarrera onartuko du arrazoi humanitarioengatik, nazioarteko betebeharrak betez, asilo-eskaeraren erantzuna jasotzen duten bitartean. Mexikok lana, osasuna eta hezkuntza eskainiko dizkie, bere printzipioen arabera".
Akordio honi esker, AEBk ez dute beste muga-zerga gerra bat hasiko. Mexiko, gainera, euren hirugarren bazkide komertziala da eta arantzelak ezartzeak izua zabaldu zuen bai AEBtako baita Mexikoko hainbat sektore ekonomikotan. Aukera horrek kinka larrian jarri du Trump bera, hainbat politikari errepublikar ere kontra agertu baitira eta Kongresuan geldiaraz ditzaketen gaiak gogorarazi dizkiote. Beste errepublikar batzuk, aldiz, gustura agertu dira arantzelak estutze-arma gisa erabiltzeaz.
Atzo izan ziren negoziaketak AEBtako eta Mexikoko bi delegazioren artean. Tartean ziren Marcelo Ebrard kantzilera, Martha Barcena Mexikoren enbaxadorea AEBtan eta Mexikoko Gobenuko Kanpo Harremanetarako ministro Alejandro Celorio.