Itxi

Bin Laden hil dute

Bin Ladenen heriotzaren zalantza nagusiak

Erredakzioa

Nola hil zuten munduko terrorista bilatuena? Zergatik hil zuten? Nola topatu zuten? Zergatik bota zuten itsasora gorpua? Zein izan da Pakistanen papera?

Hiru egun igaro dira Barack Obama AEBetako presidenteak Osama Bin Ladenen heriotza baieztatu zuenetik eta egun, berriaren egiazkotasuna zalantzan jartzen duten ahots gutxi daude dagoeneko.

Hala ere, galdera asko dago erantzuteke, batez ere AEBetako Gobernua operazioari buruzko informazio zabaltzerakoan kontraesan ugari antzeman direlako.

Gauzak horrela, hona hemen etsai publiko nagusiari buruzko galdera nabarmenak:



Nola hil zen?

Maiatzaren 1ean, igandea, AEBetako elitearen komando bat helikoptero batetik jaitsi eta Abottabaden (Pakistan) kokatutako luxuzko etxean sartu zen. Bertan, mundu mailan terrorista bilatuenetarikoa zegoen izkutatuta, Osama Bin Laden Al Kaidako burua, hain zuzen ere. Operazioak 38 minutu iraun zuen eta komandoak tiroz hil zuen Bin Laden.

500 euro arropatan ezkutaturik eta bi telefono zenbaki josita zituen Bin Ladenek, AEBetako soldaduek aurkitu zutenean, CBS telebistak eta politico aldizkariak jakinarazi dutenez.

Komunikabideen arabera, Al Kaidako buruzagia edozein momentutan ihes egiteko prest zegoela demostratzen du horrek.

Alabaina, kontaera soila alde batera utzita, iturrien arabera, datu desberdinak eman dira jakitera. Are gehiago, zenbait kasutan, informazioa kontraesankorra da.

''Arerio publiko nagusiaren'' heriotzaren egun berean, Bin Ladenek arma zuela eta emakume bat giza ezkutu bezala erabili zuela zabaldu zuten.

Asteartean, berriz, Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak ezustekoa eman zuen Bin Ladenek armarik ez zuela iragarri zuenean. Ondoren, "soldaduei aurre egin" ziela adierazi zuen. Horrek nahasmendua sortu zuen iritzi publikoan eta eta komunikabideetan. Hori dela eta, "aurre egiteko armarik behar ez direla" zehaztu zuen Carneyk.

Sua gehiago pizteko, Al Arabiya telebista kate saudiak Bin Ladenen alabaren hitzak jaso ditu eta honen arabera, AEBetako soldaduek Bin Laden preso hartu zutenean, terrorista oraindik bizirik zegoen.

Armarik ez baldin bazituen nahiz bizirik atxilotu baldin bazuten, horrek bigarren galdera batera eramaten gaitu:


Zergaitik hil zuten?

Horren harian, kontraesan berria dago, AEBetako Gobernuaren bi goi karguen artean.

Jay Carney bozeramailearen aburuz, komando estatubatuarra bidali zuten Bin Laden harrapatzeko baina tiroka egin behar izan zuen Bin Ladenek aurre egin ziolako.

Bestelako bertsioa eman du Leon Panetta CIAko zuzendariak: Barack Obama AEBetako presidenteak aginduta, helburua Bin Laden hiltzea zen eta ez atxilotzea bakarrik. "Hori argi zegoen. Baina baita berak amore ematen bazuen eta atxilotuta eramateko aukerarik baldin bazegoen, hori egingo genuela. Baina aukera hori ez genuen inoiz izan", azaldu du.


Zergaitik bota zuten gorpua itsasora?

AEBetako Armadak Bin Ladenen gorpuaz libratzeko izan zuen arintasuna izan da konspirazioaren ideiari arnasa gehien eman diona.

Etxe Zuriaren arabera, Bin Ladenen gorpua Carl Vinson hegazkin-ontzira eraman zuten, Arabiako itsasoan, eta islamiar ohiturei so eginez prestatu zuten, hura garbituz eta hil-oihal zuri batean sartuz.

Ondoren, pisu astun bat zeramatzan poltsa batean sartu eta itsasora bota zuten, arabiar hizkuntzan errepikatutako otoitz batzuk esan ostean.

Horrekin zera saihestu nahi zuen Barack Obamaren Gobernuak: Bin Ladenen hilobia muturreko islamisten erromesaldi leku bihurtzea.


Zein izan da Pakistanen papera?

Zalantzarik handiena da, maila diplomatikoan, behintzat.

Bin Laden Islamabadetik hurbil ezkutatuta zegoela berretsi dute eta baieztapen honek eragina izango du AEBen eta Pakistanen arteko harreman zailtsuenetan. Izan ere, Washingtonentzat, terrorismoaren borrokan, Pakistan aliatu anbiguoa baina beharrezkoa da.

Pakistaneko Gobernuak, bestalde, bere aurpegirik onena erakutsi du Bin Ladenen heriotzaren berria ezagutu duenean. Jakitera eman duenez, "albistea bikaina da".

Heriotza iragarri zuenean, Barack Obamak Pakistanen jarrera goraipatu zuen, "terrorismoaren aurkako borrokan eskainitako lankidetzagatik".

Hala ere, behin Bin Ladenen kontrako operazioa amaituta abisatu zuen Islamabad Washingtonek eta terrorismoaren kontrako borrokan ustez aliatu handiak izanda, deigarria da huts egite hau.

AEBetako zenbait legegilek eta adituk haien zalatzak adierazi dituzte. Izan ere, haien ustetan, baliteke Islamabadeko Gobernuak Bin Ladenen Pakistanen egonaldiari buruz jakinaren gainean egotea (milioi bat dolarreko Abbottabadeko luxuzko etxea baten bizi zen).

Horren harian, Senatuaren Indar Armatuen Batzordean, Carl Levin demokratak zera esan zuen: "Indar armatuek eta Pakistaneko inteligentzia zerbitzuek galdera askori eman beharko diote erantzuna, Bin Ladenentzat espresuki eraikitako etxeagatik, kokatutako lekuagatik, datagatik eta Pakistaneko Armadaren egoitza orokorretik hurbil dagoelako".

Albisteak (5)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (5)