Seismoa
6,7 graduko lurrikara batek Panama eta Costa Ricaren arteko muga astindu du
eitb.eus
Seismoaren hipozentroa 30 kilometroko sakontasunean izan da, eta "neurriz kanpoko indarrarekin" nabaritu dute Costa Rica hegoaldean.
6,7 graduko lurrikara batek Panama eta Costa Ricaren arteko muga astindu du, Costa Ricako Sare Sismologikoak informatu duenez.
EMSCren datuen arabera, lurrikararen epizentroa Progresotik 3 kilometro hego-ekialdera eta Davidetik 42 kilometro mendebaldera izan da, Panaman, eta Costa Ricako hiriburu San Josetik 217 kilometro hego-ekialdera.
30 kilometroko sakontasunean izan da seismoaren hipozentroa.
Costa Rican, Hego Pazifikoko biztanleek, Mercalli Eskalan, VII (neurriz kanpoko indarra) eta VI (oso indartsua) intentsitateen artean nabaritu dute lurrikara Mercalli Eskalan. Gainera, objektuak erori direla eta elektrizitatean mozketak egon direla esan dute.
Valle Central eskualdean, V (indartsua) eta IV (neurrizkoa) intentsitatearekin nabaritu dutela informatu dute.
"Larrialdietarako Batzorde Nazionalarekin koordinatuta gaude herrialdean kalteak zehazteko. Biztanleei larrialdi nazionalen aurrean informazio ofizialetako kanalak jarraitzeko gogorarazten diegu", esan du Costa Ricako presidente Carlos Alvaradok sare sozialetan.
Estamos en coordinación con la @CNECostaRica para determinar daños en el país ante el fuerte sismo sentido hace unos minutos. Recordamos a la población seguir los canales de información oficial ante emergencias nacionales.
— Carlos Alvarado Quesada (@CarlosAlvQ) 26 de junio de 2019
Costa Rica hegoaldean elektrizitate mozketak egon direla ere esan du presidenteak.
Pazifikoko Tsunamien Alerten Zentroak ez du tsunami alertarik aktibatu, eta Costa Ricako Arriskuen Prebentzio eta Larrialdien Arreta Batzordeak tsunami arriskua baztertu du.