Bin Ladenen heriotza
Al Kaidak Osama Bin Ladenen heriotza baieztatu du
Erredakzioa
Al Kaidak ohartarazi duenez, Bin Ladenen heriotza "madarikazioa" izango da AEBentzat, eta atentatuak egiten jarraituko du. Halaber, Bin Ladenen grabazio bat zabalduko dutela esan dute.
Al Kaidak Osama Bin Ladenen heriotza baieztatu du, talde islamiarrek erabili ohi duten webgune batean argitaratutako agiri baten bidez.
SITE webgune horien jarraipena egiten duen inteligentzia taldearen arabera, "maiatzaren 6an Al Kaidak agiri bat argitaratu zuen jihadisten foroetan, Osama Bin Laden hilda zegoela berresteko".
Agiri horretan, Al Kaidak atentatuak egiten jarraituko duela ziurtatzen du, eta Osamaren heriotza AEBentzat "madarikazio" bat izango dela ohartarazi du. Era berean, Osama Bin Ladenen heriotzari erantzuteko eskatu die Pakistango herritarrei.
Estatu Batuen kontrako borroka eguna deitu dute Pakistango talde musulmanek eta buruzagi erlijiosoek esan dute Bin Laden hil ostean izango direla beste buruzagiak eta jarraitu egingo duela Estatu Batuen aurkako borrokak.
Halaber, Bin Ladenek hil baino astebete lehenago egindako grabazio bat zabalduko dutela iragarri dute. Zoriontze agiria eta militanteei igorritako aholkuak dira Bin Ladenen grabazioak azaltzen dituenak.
Atentatua egiteko asmoa zuen Bin Ladenek
Joan den astelehenean Osama Bin Laden hil zuten etxebizitzan atzemandako dokumentuen arabera Al Kaidak trenen kontrako atentatu bat egiteko asmoa zuela ohartarazi du FBIk.
Egunkari estatubatuarrek jasotzen dutenez "irailaren 11ko atentatuen 10. urteurrenean" trenen kontrako atentatu bat nola egin pentsatzen ari zen Al Kaida.
Bin Ladenen hilotzaren irudiak
WikiLeaks nazioarteko erakundeak zalantzan jarri du AEBek Bin Ladenen heriotzaren inguruan emandako bertsioa, Kristinn Hrafsson bozeramailearen hitzetan, WikiLeaks Bin Ladenen hilotzaren argazkiak jaso eta argitaratzeko prest legoke, baina "momentu egokia iristen denean".