Itxi

Europar Batasuneko kargudunak

Von der Leyen, Michel eta Lagarde, Batzordeko, Kontseiluko eta EBZko zuzendari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Alemaniako ministro kontserbadorea, Belgikako lehen ministro liberala eta NDFko zuzendaria proposatu dituzte hiru erakundeetako buruzagiak izateko. Borrell Kanpo Politikarako goi-ordezkaria izango da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ursula von der Leyen Alemaniako Defentsa ministroa aukeratu dute astearte honetan Europako Batzordeko presidentea izateko, igandetik bileraz bilera ibili ostean Europar Batasuneko gobernuburuak eta estatuburuak EBko karguen banaketa negoziatzen.

Von der Leyen (60 urte) 2013tik da Alemaniako Defentsa ministroa, eta Angela Merkel kantzilerraren CDU alderdiko presidenteordea. Von der Leyenek Europako buruzagien oniritzia lortu du, negoziazio luze eta tirabiratsuetan; izan ere, asteartean goi-bilera bertan behera utzi behar izan zuten.

Alemaniarraren izendapenak, gainerako kargudunenak bezalaxe, Europako Parlamentuaren oniritzia jaso behar du oraindik.

Alemaniako ministroa ez zegoen goi-kargudunen kinielan, eta asteleheneko blokeoaren ostean bakarrik planteatu zuten. Visegrado taldea (Hungaria, Polonia, Txekiar Errepublika eta Eslovakia) eta Italia Frans Timmermans hautagai sozialistaren aurka agertu ziren.

Timmermans Europako Batzordeko presidente izendatzeko proposamena Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak egin zuen, Espainiako, Frantziako, Herbehereetako eta Alemaniako ordezkarien oniritziarekin.

Bestalde, Charles Michel Belgikako jarduneko lehen ministro liberala Europako Kontseilua zuzentzeko aukeratu dute EBko buruzagiek. Bruselako goi-bilerak hiru egun iraun du.

Gainera, EBko estatuburuek eta gobernuburuek Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendaria proposatu dute Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidente izateko.

EBZ zuzentzeko izendatu dutela eta, "ondraturik" agertu da Lagarde, eta NDF "aldi baterako" uztea erabaki du.

Lagarde akusatuen aulkian eseri zen Frantzian, 2008an ministro zela Bernard Tapie enpresaburu polemikoari emandako kalte-ordain batean izan zuen erantzukizunagatik.

Hain zuzen ere, epaiketa hori da Lagarderen ibilbideko orban handiena. Azkenean, zabarkeriagatik zigortu zuten, eta, praktikan, ez zioten inolako zigorrik ezarri.

Akusatuaren "nazioarteko ospea" eta "nortasuna" kontuan hartuta, Frantziako Errepublikako Justizia Auzitegiko magistratuek zigorrik ez jartzea erabaki zuten.

Josep Borrell, Espainiako jarduneko Atzerri ministroa. Argazkia: EFE/Stephanie Lecocq

Bestalde, Josep Borrell Espainiako jarduneko Atzerri ministroa EBren Kanpo Politikarako goi-ordezkaria izatea adostu dute buruzagiek.

72 urteko politikari sozialista Europako Parlamentuko presidentea izan zen 2004a eta 2007a bitartean, eta Pedro Sanchezen Gobernuko Atzerri ministroa da 2018ko ekainetik. Federica Mogherini Italiako sozialista ordezkatuko du karguan.

Manfred Weber Alemaniako politikariak karguen banaketari uko egin dio, nahiz eta Europako Alderdi Popularraren hautagai nagusia izan. "Nire bidaia hemen hasi zen iragan irailean zerrendaburu gisa, eta hemen bukatzen da", esan du Weberrek, haren bozeramaile batek Twitter sare sozialean azaldu duenez.

"Europa demokratiko baten alde borrokan jarraituko dut", adierazi du Weberrek. Europako Alderdi Popularrak zerrendaburu izendatu zuen 2018an, hauteskundeen ostean erakundeak berritzeko. Jokoan ziren goi-karguetako bat bereganatzeko faboritoa zen.

Albisteak (5)

Bideoak (1)