PERFILA
Von der Leyen, Merkelen ministro izatetik Europako Batzordeko presidente izatera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alemaniako egungo Defentsa ministroa Angela Merkel kantzilerraren balizko ordezko izatetik Europako Batzordea gidatuko duen lehen emakumezkoa izatera igaro da.
Ursula von der Leyen alemaniarra Bruselan jaio zen 1958an, eta bertan bizi izan zen 1971ra arte. Ernst Albrech Saxonia Behereko gobernuburu izandako politikari kristaudemokrataren alaba da.
Von der Leyenek Saxonia Beherean hasi zuen bere ibilbide politikoa. Estatu federatu horretako ministro izan zen, harik eta 2005ean Angela Merkelen eskutik politika nazionalerako jauzia egin zuen arte.
Angela Merkelen lehen gobernuan (2005-2009) Familia ministro izan zen. Departamentu horren buru zela, iraultza txiki bat bultzatu zuen emakumeek lana eta familia uztartzeko erraztasunak izateko.
Familia Departamentua utzi, eta Lan eta Gizarte Gaietarako Sailera igaro zen 2009an. 2013az geroztik, berriz, Alemaniako Defentsa ministroa da. Herrialde horretan kargu hori bete duen lehen emakumezkoa da.
Duela urte batzuk Alemaniako presidente izateko balizko hautagaien artean egon zen. Europako Batzordean kargu garrantzitsuren bat betetzeko anbizioa izatea egotzi izan badiote ere, orain arte Merkelek bere gobernuan mantendu nahi izan du.
Merkelen lehen bi legegintzaldietan Gobernuko ministro izarra zen, eta askorentzat kantzilerra ordezkatzeko hautagai nagusia zen. Hala ere, Defentsa ministro izateak higadura handia eragin dio, eta horren hautagaitzak indarra galdu du.
Europazalea da, eta Europar Batasunaren integrazio handiagoa babesten duen erakunde bateko kide da, Europa federala aldarrikatzen duena.
Politikan murgildu aurretik, Von der Leyenek mediku gisa egin zuen lan 1987tik aurrera. Aurrez, Arkeologia eta Ekonomia ikasketak egin zituen.