Itxi

Venezuela

Osloko elkarrizketa prozesua 'ondo doa', Maduroren arabera

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Oposizioko buruaren esanetan, baina, urtarrilean zehaztutako helburuak lortzeko bidean egiten diren urratsen araberakoa izango da elkarrizketa.

Nicolas Maduro gobernuko ekitaldi batean Caracasen. Argazkia: EFE/Miraflores

Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen hitzetan, Norvegian oposizioarekin elkarrizketa mahai bat osatzeko prozesua "ondo doa", baina Juan Guaido Venezuelako Batzar Nazionaleko presidente eta oposizioaren liderrak esan duenez, "ez dago bilerarik aurreikusita".

Gobernuak "ate guztiak irekita ditu" oposizioko sektore guztiekin politikaz aritzeko, azaldu du Madurok, baina ez du zehaztu zein duen gogoan hori esaten duenean.

Venezuelako oposizioak Oslon Maduroren Gobernuarekin biltzeko asmorik ez duela adierazi eta gero, honakoa esan du Juan Guaidok: "Usurpazio prozesua gelditu eta trantsizio gobernua eta hauteskunde libreak bideratzeko beste aukerarik dagoenean, jakinaraziko dugu, baina ez dago bilera-erronda baten berri emateko adierazpen ofizialik".

Parlamentuko osoko bilkura abiatu aurretik, oposizioaren buruak esan du urtarrilean zehaztu zituzten helburuak lortzeko bidean egiten diren urratsen araberakoa izango dela elkarrizketa.

Maiatzean, bi aldeak berriro bildu ziren, baina adostasunik gabe bukatu zuten, oposizioaren arabera.

Rafael Acosta Arevalo militarra Maduroren Gobernuaren zaintzapean zegoela hil ondoren, oposizioko alderdiek Osloko negoziaketak etetea eskatu die Guaidori.