Tragedia
150 pertsona baino gehiago hil dira Libiako uretan ontzi bat hondoratu ostean
Agentziak
Dozenaka pertsona erreskatatu dituzte. 250 lagun bat zeramatzan ontzia Khomsetik (Libia) atera zen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
150 pertsona baino gehiago hil dira azken orduetan Libiako uretan, Europa jomuga, Mediterraneoan barrena zihoan ontzi bat hondoratu ostean, ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak jakinarazi duenez.
Agentziaren arabera, beste 150 pertsona erreskatatu eta Libiako hiriburura eraman dituzte bueltan. Bertan laguntza mediko eta humanitarioa eman diete.
Ordu batzuk geroago, Libiako itsas zaintzak baieztatu du gutxienez 116 lagun desagertu eta 132 onik atera direla.
Ayub Qasem bozeramailearen hitzetan, ontzian 250 bat lagun zihoazen, erreskatatutako pertsonek kontatu dutenez.
Ontzia Khoms hiritik —Tripoli hiriburutik 120 kilometro ekialdera— abiatu zen. Dena dela, Libiako agintariek ez dute zehaztu noiz gertatu den hondoratzea eta nork erreskatatu dituen migratzailek.
Antonio Guterres NBEn idazkari nagusiak aitortu duenez, "atsekabetuta" dago gertatukoarekin. Nabarmendu duenez, "bide seguru eta legezkoak behar ditugu migratzaile eta errefuxiatuentzat. Bizitza hobea helburu herrialdea uzten duen pertsona orok segurtasuna ea duintasuna merezi du".
32.363 hildako 2014tik
Migraziorako Nazioarteko Erakundeak (IOM, ingelesez) asteon emandako datuen arabera, 683 pertsona hil dira urtea hasi zenetik Mediterraneoan. Hiru dira bide nagusiak: erdialdekoa (Aljeria, Tunisia eta Libiatik abiatuta Italia helmuga duena), ekialdekoa (Grezia jomuga) eta mendebaldekoa (Espainiar Estatura doana). Hurrenez hurren, 426, 53 eta 204 pertsona hil dira bideotan. IOMk ohartarazi duenez, kezkagarria da mendebaldeko bidean atzemandako igoera.
Erakundeak 32.362 hildako zenbatu ditu 2014tik. Nolanahi ere, zehaztu du "zailtasunak" izan dituela datuok biltzeko eta, beraz, "baliteke hildakoen kopurua askoz handiagoa izatea".