Venezuela
Venezuelan negoziazio mahai iraunkor bat sortzea proposatu dio Madurok oposizioari
Agentziak | Erredakzioa
Oposizioarekin elkarrizketa erronda berri bat hasi duela baieztatu du Venezuelako presidenteak, eta negoziazio mahai iraunkor bat sortzea proposatu dio.
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak ostegun honetan baieztatu duenez, oposizioarekin elkarrizketa erronda berri bat hasi du Barbadosen, eta negoziazio mahai iraunkor bat sortzea proposatu dio. Alabaina, orain arte oposizioa ez da horren alde agertu, Maduroren gobernuari boterea bereganatzeko aukera emango diolakoan.
Guaidoren eta Maduroren ordezkarien arteko bilera asteazkenean hasi zen, Karibeko artxipelagoan, eta Norvegiako Gobernuak egin ditu bitartekari lanak. Bi aldeek maiatzean hasi zituzten elkarrizketak, Oslon. Hugo Chavez hil zenetik (2013. urtean) hiru aldiz saiatu dira akordio bat lortzen, baina oraindik ez dute lortu.
"Oposizioaren" eta "Gobernu nazional konstituziogilearen" arteko "elkarrizketa erronda" berri hori baieztatu du Madurok, AVN albiste agentziak jaso duenez. Akordioa lortzeko helburuarekin biltzen diren hirugarren aldia da honakoa, eta azkena ez izatea espero dute agintariek. Arrazoi horregatik, Madurok negoziazio mahai iraunkor bat ezartzea proposatu dio oposizioari.
Venezuelako agintaria, Miranda estatuan dagoen txokolate fabrika batera joan da gaur, eta kazetarien aurrean esan duenez, enpresariak eta gizarte eragileak ere eztabaida prozesu horretan ordezkatuta egotea nahi du. Horrela, urtarrilean, bere agintaldia hasi zenean, okerrera egin zuen krisi politikoari aurre egiten saiatuko da Venezuelako presidentea.
Madurok gogora ekarri duenez, haren aurkako erasoaren urtemuga beteko da abuztuaren 4an. Bere esanetan, ospakizun militar batean egindako atentatua “hilketa saiakera” izan zen. “Gerora egiaztatu zen Kolonbiatik bidalitako lehergailu batzuk erabili zituztela atentatu horretan, tokiko gobernuaren babesarekin, ni hiltzeko helburuarekin”, esan du.
Azken hilabeteetako elkarrizketen ostean, aurrerapausoak eman dituztela baieztatu dute Gobernuak eta Venezuelako oposizioak, baina ez dute negoziazioen inguruko xehetasunik eman nahi izan. Norvegiak bitartekari lana egiten du, eta diskrezioa eskatu die bi aldeei elkarrizketen arrakasta bermatzeko.