Itxi

Amerikako Estatu Batuak

Gutxienez 20 pertsona hil eta 40 zauritu dituzte Texasen, tiroketa batean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

21 urteko gizon bat atxilotu dute, tiroketarekin lotura duelakoan, eta poliziaren zaintzapean dago. Segurtasun indarrek "kontrolatutzat" eman dute egoera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gutxienez 20 pertsona hil eta 40 zauritu dituzte, tartean bi haur, larunbat honetan El Paso hirian (Texas estatuan) izandako tiroketa batean, polizia iturriek baieztatu dutenez. Walmart kateko saltoki handi batzuetan jazo da erasoa.

21 urteko gizon bat atxilotu dute, tiroketarekin zerikusia duelakoan, eta poliziaren zaintzapean dago. El Pasoko KTSM telebista kateak ustezko erasotzailearen irudi bat argitaratu du. Bertan, fusil batekin merkataritza-gunean sartu den gizon bat ageri da, kamiseta beltza, praka motzak eta entzumen-babesleak dituena.

Bertako Poliziak jakitera eman duenez, ustezko erasotzaileak lau orriko gutun bat zabaldu du Internet bidez, tiroketa egin aurretik. 'Gaur hil egingo naiz, seguruenik' goiburupean, mezu ultraeskuindarrak biltzen dituen webgune batean argitaratu da testua, oraindik haren egilea nor den baieztatu ez den arren.

The New York Times egunkariaren arabera, "gorrotoz eta arrazakeriaz" betetako testuak dio Texaseko tiroketa "hispanoen inbasioari" erantzun bat dela. "Hispanoek hartuko dute hainbeste maite dudan Texaseko Gobernuaren eta Estatuaren kontrola, eta demokraten gotorleku bilakatuko dute gure herria", jasotzen du gutunak.

Lehen datuen arabera, bederatzi zauritu egoera larrian daude, eta beste bi egonkortu dituzte, Del Sol osasun zentroko bozeramaile batek CBS kateari jakinarazi dionez.

Erasoa 10:00ak aldera hasi da (17:00 GMT). Ordu horretan, Cielo Vista merkataritza-gunearen kanpoaldean esku hartzeko abisua jaso du El Pasoko Poliziak.

Segurtasun indarrek "behin-behinean kontrolatutzat" eman dute egoera, eta beste norbaitek tiroketa horretan parte hartu ote duen ikertzen ari dira, Robert Gomez El Pasoko Poliziaren bozeramailearen esanetan. Hala, gertakaria oraindik ez da argitu, eta polizia hiriko hainbat gune miatzen ari da, tartean merkataritza-gunea bera.

El Paso, Texas mendebaldean kokatuta dagoen hiri bat da, Mexikoko mugan dagoena, eta 700.000 biztanle inguru ditu.

Argazkia: EFE.

Donald Trump AEBko presidenteak, berriz, "tiroketa izugarria" izan dela eta "hildako asko" daudela ziurtatu du, eta bertako agintariei laguntza emango diela aurreratu du.

"Tiroketa izugarria El Pason, Texasen. Txostenak oso kezkagarriak dira, hildako asko daude", esan du Trumpek Twitterreko bere kontuan, kopururik eman gabe.

AEBko presidenteak jakinarazi du "tokiko eta estatuko agintariekin, eta segurtasun indarrekin" ari dela lanean, eta "gobernadorearekin hitz egin du gobernu federalaren babes osoa eskaintzeko".

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Galeriak (1)