Itxi

ESTATU BATUAK

'Suzko armen bidezko indarkeria amaitzeko neurriak' eskatuko dizkio Trumpek fiskalari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Indarkeria mota hau 'aspaldiko kontua' dela esan du AEBko presidenteak, eta horri aurre egiteko 'gehiago' egin daitekeela uste du. Atzoko tiroketen atzean 'buruko arazoak' daudela uste du.

Donald Trump eta Melania Trump, atzo. Argazkia: EFE:

Texasen eta Ohion atzo izandako tiroketen ondoren, "suzko armen bidezko indarkeriari aurre egiteko neurriak" eskatuko dizkio Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak William Barr AEBko fiskal nagusiari. Denera, 29 pertsona hil ziren eta 53 zauritu tiroketa horietan, eta bietan erasotzaileek fusilak erabili zituzten. Polizia ikertzen ari bada ere, Texasko erasoaren atzean arrazakeria dagoela uste dute.

"Hemen ez dago gorrotorako lekurik", esan du Trumpek, erasoen ostean hedabideen aurrean egin dituen lehendabiziko adierazpen publikoetan. "Aspaldiko kontua da hau, eta gelditu egin behar dugu. Agian, gehiago egin daiteke", gaineratu du. Presidente estatubatuarrak aditzera eman duenez, baliteke erasotzaileek "buruko arazoak" izatea.

Oposizioko alderdien kritika zaparrada jaso du, beste behin, Trumpek, etorkinen kontra duen diskurtsoagatik. Alderdi Demokrataren iritzian, presidenteak berak bultzatzen ditu horrelako erasoak, "immigranteen inbasioa" bezalako terminoak hitzetik hortzera erabilita.

Gaur egingo du agerraldia Trumpek hedabideen aurrean, tiroketen inguruko balorazioa egiteko, eta hor azalduko omen du fiskalari egingo dion eskaera.

Cory Booker Alderdi Demokratako senatariak CNN kateari egindako adierazpenetan salatu duenez, "Trump da gertatzen ari den guztiaren arduraduna". Gorrotoa eta beldurra zabaltzea leporatu dizkio, eta suzko armen erabilera "kontrolatzeko" neurriak eskatu ditu senatari demokratak.

Albisteak (3)