AEB
Txinaren aurkako gerra komertziala dibisetara zabaldu du Trumpek
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako Altxorrak Txina "dibisa manipulatzaile" izendatu berri du, 1994tik lehen aldiz.
Washingtonek Txina "dibisa manipulatzaile" izendatu du. Erabaki eraginkorra baino gehiago sinbolikoa da, baina gerra komertziala areagotzen du. Bi potentzia ekonomikoen arteko akordioa urrunago dago orain.
"Txinako ekonomia porrot egiten ari da. Ez da duela 20 urteko potentzia jadanik", adierazi du Larry Kudlowk, Donald Trump AEBko presidentearen ekonomia aholkulari nagusiak, Etxe Zurian.
Ameriketako Estatu Batuetako Altxorrak Txina "dibisa manipulatzaile" izendatu eta biharamunean egin ditu adierazpenak Kudlowk. 1994tik gertatzen ez den zerbait da.
Horrela, Pekinen eta Washingtonen arteko lehia komertzialak beste pauso bat eman du elkarri milaka milioiko muga-zergak ezarriz, eta dibisen esparru konplexuan sartu da.
Izendapen horrekin, Washington Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) harremanetan jarriko da, Pekinek dibisen merkatuan ustez izan duen esku-hartzea aztertzeko. Hala ere, kanbio-tasen urteko txostenean yuana oinarri ekonomikoen barruan zegoela ebatzi zuen nazioarteko erakundeak duela hilabete batzuk.
Altxorraren iragarpena presidentearen txio batekin batera heldu da, ia beti bezala Trumpen Administrazioan.
"Txinak bere dibisaren salneurria ia minimo historikoetan utzi du. 'Dibisen manipulazioa' deitzen zaio. Entzuten ari al zara Erreserba Federala?", esan zuen Trumpek Twitter sare sozialean astelehenean.
China dropped the price of their currency to an almost a historic low. It’s called “currency manipulation.” Are you listening Federal Reserve? This is a major violation which will greatly weaken China over time!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) August 5, 2019
Interes-tasak jaisteko eskatu dio buruzagiak Erreserba Federalari behin eta berriro, jarduera ekonomikoa laguntzeko, eta 25 puntuko azken murrizketa "etsigarria" dela kritikatu du.