Hilabeteetako tirabirak
Salvinik Italiako gobernu-koalizioa hautsitzat eman eta hauteskundeak eskatu ditu
Agentziak | Erredakzioa
Di Maio (M5S) ere hauteskundeak deitzearen alde agertu da, baina Parlamentuak irailean bere neurri nagusietako bat (senatari eta diputatu kopurua murriztea) onartu ondoren.
Matteo Salvini Italiako lehen ministrorde, Barne ministro eta eskuin muturreko Liga alderdiaren buruzagiak gobernu-koalizioa hautsitzat eman du gaur, eta hauteskundeak lehenbailehen deitzea eskatu du. 5 Izar Mugimenduarekin (M5S) gobernatzen ari dira 2018ko ekainetik.
Giuseppe Conte lehen ministroari gogoetaren berri eman dio Salvinik ohar labur batean: "Berehala Parlamentura jo behar dugu, dagoeneko gehiengorik ez dugula egiaztatzeko. Hautesleei hitza azkar eman behar diegu".
Luigi Di Maio M5Sko buru eta Ministroen Kontseiluko presidenteordeak berehala erantzun dio. Hauteskundeak deitzearen alde agertu da, baina Parlamentuak irailean bere neurri nagusietako bat (senatari eta diputatu kopurua murriztea) onartu ondoren.
"Prest gaude, ez dugu botererik nahi, eta sekula ez dugu nahi izan. Baina gauza bat egia da: herriari eta herritarrei adarra jotzen diezunean, lehenago edo geroago, ordaindu egiten duzu", adierazi du Di Maiok, gobernukideari zuzenduta.
Oharra kaleratu eta gutxira, kazetarien aurrean adierazpenak egin ditu bart Salvinik Pescara herrian. Lehen ministro izateko hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du: "Italiarrei eskatzen diet boterea eman diezadaten gauzak egin behar diren moduan egiteko".
Hala, udako etena bertan behera utzi eta lanera itzultzeko eskatu die senatari eta diputatuei, Giuseppe Contek gobernuaren porrota egiaztatu eta Sergio Mattarellak hauteskundeak dei ditzan.
"Ipurdia altxa dezatela eta etor daitezela Parlamentura. Ferragostoko zubian (abuztuaren 15a) ere, beharrezkoa bada. Etortzen ez denak agerian utziko du bere aulkian jarraitu nahi duela. Ligako parlamentariak astelehenetik daude lanean", nabarmendu du.
Italiako gobernu-koalizioak egunak eman ditu kinka larrian, hilabeteetako polemika eta tentsioen ondotik.
Iragan asteazkenean agerian geratu zen Gobernuko kideek bakoitzak bere aldetik botoa eman zutenean mozio sorta batean. Polemika Turin eta Lyon lotu behar dituen abiadura handiko trena eraikitzeko proiektuak sortu zuen. M5Sk horren aurkako botoa eman zuen eta Ligak aldekoa.
Salvinik deitoratu zuenez, bozketak argi utzi zituen irizpide ezberdinak, baina baita bere eta bere alderdiaren aurkako "irainak" ere.
Giuseppe Contek Exekutiboa berregituratzea edo botere gehiago eskaini ahal izatea baztertu zuen eskuin muturreko buruzagiak, nahiz eta bi alderdiek Gobernua zuzentzeko figura bezala aukeratu.
"Ez dugu ministro edo kargu gehiagorik nahi, ez dugu berregituraketa edo gobernu teknikorik nahi. Gauza asko ondo egin dituen gobernu honen ostean, hauteskundeak bakarrik egon daitezke", eskatu zuen.
Krisiaren ondorioak merkatuetan
Salvinik koalizio gobernua hautsitzat emateak berehalako ondorioak izan ditu diru merkatuetan. Hala, Italiako arrisku saria (10 urterako Alemaniako eta Italiako bonuen arteko diferentziala neurtzen duena) 235 puntura igo da. Atzo 209 puntutan itxi zuten saioa.
Bestalde, Milango burtsak ere negatiboan abiatuko du eguna, % 1,90ko jaitsierarekin (20.445,03 puntu).