Gobernu krisia
Ligak Italiako lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa iragarri du
Agentziak | Erredakzioa
Salvini Ligako buruzagiak hautsitzat eman zuen atzo gobernu koalizioa eta hauteskundeak aurreratzea eskatu zuen. Krisiak eragina izan du diru merkatuetan, eta Italiako arrisku sariak gora egin du.
Liga Italiako eskuin muturreko alderdiak Giuseppe Conte lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa aurkeztuko duela iragarri du gaur. Contek Italiako koalizio gobernua osatzen zuten bi alderdien —Ligak bera eta Bost Izarren Mugimendua— babesa izan du orain arte, kontsentsuko hautagaia izan baitzen. Gobernua hautsita, lehen ministroa babesten ez duela iragarri du Ligak.
Atzo bertan, Matteo Salvini Ligako buruzagi, Barne ministro eta lehen ministrordeak hautsitzat eman zuen Bost Izarren Mugimenduarekin zuen koalizio gobernua, eta hauteskundeak aurreratzea eskatu zuen. Gaur argitu duenez, susmoa du Bost Izarren Mugimenduak Alderdi Demokratikoarekin gobernua osatu nahi duela, hauteskundeak egin gabe.
"Ezetz larregi izan ditugu azkenaldian, eta kalte egiten diote Italiari. Herrialdeak hazi egin behar du; hauteskundeak behar ditugu. Denbora galtzen dabilen horrek kalte egiten dio Italiari, eta bere aulkiari eustea baino ez du nahi", irakur daiteke Ligak mozioa aurkezteko prestatu duen oharrean.
Salvinik Bost Izarren Mugimenduaren kontrako adierazpen gogorrak egin zituen atzo, eta udako etena bertan behera utzi eta lanera itzultzeko eskatu zien senatari eta diputatuei, Giuseppe Contek gobernuaren porrota egiaztatu eta Sergio Mattarellak hauteskundeak dei ditzan.
"Ipurdia altxa dezatela eta etor daitezela Parlamentura. Ferragostoko zubian (abuztuaren 15a) ere, beharrezkoa bada. Etortzen ez denak agerian utziko du bere aulkian jarraitu nahi duela. Ligako parlamentariak astelehenetik daude lanean", nabarmendu zuen.
Koalizio gobernua hautsita, Giuseppe Conte lehen ministroak bi aukera zituen: dimisioa aurkeztea edo Parlamentuan aparteko bilkura deitzea, horren babesa ote duen egiaztatzeko. Bigarrenaren alde egin du.
Orain talde parlamentarioen bozeramaileek bilera egin beharko dute zentsura mozioaren data erabakitzeko. Italiako hedabideen arabera, abuztuaren 20an izango da bilkura hori.
Contek nahikoa babesa ez balu, dimisioa aurkeztu beharko luke. Hori horrela, Sergio Mattarella Italiako presidentearen esku geratuko litzateke auzia. Izan ere, estatuburuari dagokio beste gobernu bat proposatzea edota hauteskundeak deitzea.
Burtsetan astindua
Italiako ezegonkortasun politikoak ondorioak izan ditu diru merkatuetan. Hala, Italiako arrisku saria (10 urterako Alemaniako eta Italiako bonuen arteko diferentziala neurtzen duena) 235 puntura igo da. Atzo 209 puntutan itxi zuten saioa.
Bestalde, Milango burtsak ere negatiboan abiatuko du eguna, % 1,90ko jaitsierarekin (20.445,03 puntu).