NAZIOARTEKO HARREMANAK
Venezuelaren eta AEBren arteko elkarrizketak onartu dituzte Madurok eta Trumpek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Presidenteek ez dute xehetasun gehiago eman.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donald Trumpek eta Nicolas Madurok adierazi dutenez, goi mailako kontaktuak izan dituzte Venezuelako eta AEBko Gobernuek. Oraindik ez dute xehetasunik eman.
AEBko Associated Press agentziaren eta Axios hedabidearen arabera, aurreko egunetan, Diosdado Cabello Venezuelako Batzar Nazional Konstituziogileko presidenteak kontaktuak izan ditu Trumpen Gobernuarekin.
Hala ere, Cabellok elkarrizketa horiek gezurtatu ditu astelehenean. "Inperioa oso harroputza da, hori dela eta, zurrumurru horien bitartez banatuko gaituztela uste dute", esan zuen Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren kideak.
Presidenteen adierazpenak
Trumpek bulego obalean iragarri duenez, Venezuelako hainbat ordezkarirekin izan dituzte elkarrizketak. "Ez dut norekin esan nahi, baina goi mailan hitz egiten ari gara beraiekin", azaldu zuen presidenteak.
Nicolas Madurok, bere aldetik, "AEBko Gobernuko eta Boliviar Gobernuko funtzionarioen arteko kontaktuak" onartu ditu. Hitz egiten jarraituko dutela azpimarratu du.
Venezuelako presidentearen esanetan, "Trumpek Venezuela benetan entzutea" da helburua, "errespetuz, XXI. mendeko iraultza entzutea".
Dena dela, urtarrilaren 23an Juan Guaidok Venezuelako presidente izendatu zuenean bere burua, Guaido Venezuelako presidente 'legitimo' bezala aintzatetsi zuen lehen herrialdea izan zen AEB. Gainera, azken hilabeteetan, herrialdearen kontrako eta Maduroren Gobernuko kideen aurkako santzioak indartu ditu Trumpek.
Kontaktuak Cabellorekin
Axioseko iturrien arabera, Diosdado Cabello chavista Mauricio Claver-Carone Estatu Batuetako Segurtasun Kontseiluko ordezkariarekin batu zen.
Horien arabera, Cabello ezinbestekotzat hartzen du Trumpen Gobernuak. Cabellok apirilaren 30eko Estatu kolpearen saiakera babestu izan balu, altxamendua aurrera egingo zukeela uste dute.