BREXIT
Johnsonek ez du kontrolik ezarriko Erresuma Batuaren eta Irlandaren arteko mugan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emmanuel Macronekin Parisen batu baino lehen, Erresuma Batua Europar Batasunetik urriaren 31ean irtengo dela adierazi du Boris Johnson lehen ministroak, nahiz eta akordiorik ez adostu.
Brexitaren akordioa dela eta, Erresuma Batuaren eta Irlandaren artean muga-kontrolik ez dela egongo adierazi du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Gainera, Europar Batasunetik irteteko akordioa lortu nahi duela nabarmendu du.
"Akordio ona lor dezakegula uste dut", esan du lehen ministroak, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin Parisen izan aurretik. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin atzo bilera eduki ondoren, Johnsonek oso "alai" sentitzen dela aitortu du.
Backstop Erresuma Batuaren eta Irlandaren arteko mugaren babesari buruz, Erresuma Batuak ez duela inolako muga-kontrolik jarriko azpimarratu du.
"Merkatu bakarra mantentzeko, ez dugu uste EBko ikuspuntutik beharrezkoa denik", azaldu du. Lehen ministroaren arabera, irtenbide gehiago daude.
Bestalde, nahiz eta akordiorik ez adostu, Erresuma Batua Europar Batasunetik urriaren 31ean irtengo dela gogorarazi du, bere esanetan, britainiarrek hori erabaki zutelako.
Macronek, bere aldetik, Bruselak defendatutako joera mantendu du. Frantziako presidentearen arabera, ez da akordio berririk egongo. Johnsoni esan dionez, hurrengo hilabetetan ez dute irteera-akordio ezberdinik lortuko.
Hala ere, akordiorik gabeko irteera saihestearren, lan egiteko prest dagoela esan du. Urriaren 31 heldu baino lehen, irtenbideren bat bilatzen arituko dira, Macronen esanetan.