Itxi

Urakana

Larrialdi-egoera ezarri dute Puerto Ricon, Dorian ekaitza dela eta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gobernuak lasaitasuna eskatu die herritarrei, eta ziurtatu du Maria urakanak herrialdea astindu zuenean baino egoera hobean daudela orain, gisa horretako fenomeno bati aurre egiteko.

Larrialdi-egoera ezarri dute Puerto Ricon, Dorian ekaitza dela eta. Argazkia: EFE

Wanda Vazquez gobernatzaileak larrialdi-egoera ezarri du Puerto Ricon, Dorian ekaitz tropikalak asteazken gauean uhartearen hego-ekialdea astindu dezakeelakoan.

Gobernuburuak azaldu duenez, prezioak eta erregaiaren mozkin-marjina bere horretan mantentzea agindu dute.

Bestalde, lasaitasuna eskatu diete herritarrei, eta Vazquezek berak ziurtatu du Maria urakanak herrialdea astindu zuenean baino (2017ko iraila) egoera hobean daudela orain, gisa horretako fenomeno bati aurre egiteko.

Dorian oso hurbil dagonez, zaintzapean dute Puerto Rico, AEBko Urakanen Zentro Nazionalaren azken buletinaren arabera. Horrek esan nahi du 48 orduko epean ekaitz tropikalak eragindako haizealdi zakarrak jasan ditzakeela Puerto Ricok.

"Lasaitasuna eskatzen dut, eta garrantzitsua da baita herritar bakoitzak bere larrialdi planak abiatzea", azpimarratu du Vazquezek.

Gobernatzaileak zehaztu du urakanei aurre egiteko neurriak lantzen aritu direla Mariak herrialdea astindu zuenetik, eta baliabide horiek erabiliko dituztela orain, aurreikusitako fenomeno atmosferikoaren ondorioak arintze aldera.

Albisteak (1)