Erresuma Batua
Gobernua edo legea aldatzeko erronka jo die 'brexit'-aren aurkariei Komunen Ganberak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Bi aukera dituzte, eta bietako bat egiteko adorerik ez badute, urriaren 31n EBtik joango gara, erreferendumaren emaitza errespetatuz", esan du Komunen Ganberako buruak.
Jacob Rees-Mogg Komunen Ganberako buruak ostegun honetan esan du akordiorik gabeko brexita saihestu nahi duten diputatuek bi aukera dituztela: legea edo Gobernua aldatzea. Bietako bat lortu ezean, urraren 31an Europar Batasuna utziko dutela azpimarratu du, gainera.
"Negarrez eta hortzak estuturik dauden pertsona guztiek jakin badakite bi modu daudela lortu nahi dutena egiteko", adierazi du Ress-Moogek BBC telebista-kateari egindako adierazpenetan.
"Gobernua edo legea alda dezakete. Bietako bat egiten badute, aldaketak ondorioak izango ditu", nabarmendu du. "Baina, bi aukeretako bat egiteko adorerik ez badute, urriaren 31n EBtik joango gara, erreferendumaren emaitza errespetatuz", berretsi du.
Isabel II.ak, Boris Johnsonen gobernuak eskatutakoa betez, urriaren 14ra arte Parlamentuaren jarduna etetea onartu zuen asteazkenean. Egun horretan erreginak hitzaldia emango du, eta Gobernu berriak bere proposamenak eta programa aurkeztuko ditu.
Erabakiak kritika gogorrak eragin ditu oposizioan, Johnsonek ezer egiteko denborarik utziko ez diela iritzita.
Ildo horretan, Ress-Moggek Sky Newsi ziurtatu dio "Zuzenbidezko Estatuan sinesten duela, eta legea beteko duela".
Laboristek eztabaida eskatuko dute
Bien bitartean, Alderdi Laboristak ostegun honetan iragarri du brexitari buruzko eztabaida eskatuko duela datorren asterako.