'Brexit'-a
Eskoziako justiziak gaur hartuko du Parlamentuko etenari buruzko erabakia
Agentziak | erredakzioa
75 diputatuk erabakia lehenago hartzea eskatu zuten, baina epaileak ez zuen onartu. Hori bai, irailaren 6rako aurreikusita zegoen auzi-saioa 3ra aurreratu zuen.
Parlamentu britainiarraren jardunaren etena legezkoa ote den ebatzi behar zuen iragan astean Eskoziako Auzitegiak, baina erabakia atzeratu egin zuen. Horrela, Boris Johnsonen neurri polemikoa legezkoa ote den ebazteko saioa gaur, irailaren 3an, egingo du.
75 diputatu britainiarrek helegitea aurkeztu zuten duela egun batzuk Johnsonen erabakia behin-behinean bertan behera uztea eskatzeko. Izan ere, Erresuma Batuan ez dago konstituziorik, eta dena interpretazioaren menpe dago.
Lord Raymond Doherty epaileak azaldu zuenez, alde guztien argudioak entzun nahi ditu erabakia hartu baino lehen. Dena den, hilaren 6rako aurreikusita zegoen saioa aurreratzea erabaki zuen.
"Argudio guztiak balantza batean jarrita, erabakia lehenbailehen hartzea komeni zaio justiziari", esan zuen Lord Dohertyk.
Aiden O'Neill diputatuen ordezkariak saioa aurreratzera eskatu zuen. "Premiazkoa da erabaki bat hartzea, edozein atzeratzek min egingo dio ez bakarrik salatzaileei, baita herrialde osoari ere", adierazi zion The Guardian egunkariari.
Erresuma Batuko Gobernuak pozez hartu zuen atzerapena. "Pozten gara etetea debekatu ez izana", azaldu zuen bozeramaile batek Sky News telebista katean.
Gobernuaren ustez, "ez dago erabakia aurreratzeko arrazoirik. Parlamentuaren etena irailaren 10erako dago aurreikusita, eta auzi-saioa, 6rako".
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Parlamentua irailaren 10etik urriaren 14ra ixtea eskatu zion Elisabet II.a erreginari, legegintzaldi berri bati ekiteko beharra dagoela argudiatuta. Trikimailuaren ondorioz, baina, oposizioak ez du ia denborarik akordiorik gabeko brexit-a saihesteko. Izan ere, Erresuma Batua urriaren 31n irtengo da Europar Batasunetik.
Helegitea Ipar Irlandako auzitegi baten aurrean
Bestalde, Belfasteko Auzitegi Nagusiak irailaren 6rako zehaztu zuen Johnsonen erabakiaren aurka aurkeztutako beste helegite baterako saioa. Declan Morgan epaileak egun horretarako jarri zuen neurriaren behin-behineko debekurako legezko argudioen aurkezpena.
Horrez gain, Raymond McCord ekintzaileak Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren akordiorik gabeko irteeraren aurka aurkeztutako helegiteak beste saio bat izango du irailaren 16an. Ekintzailearen esanetan, lehen ministroak bultzatu nahi duen jokabideak bertan behera utziko luke Ipar Irlandako bake prozesua.
McCord ekintzailearen abokatuek azaldu zutenez, akordiorik gabeko brexit batek 1998ko Ostiral Santuko Akordioa urratuko luke, eta Parlamentuaren jarduna etetea Konstituzioaren aurkakoa izateaz gain, mehatxu bat da azken bi hamarkada hauetako bakearentzat.
Ekimenarekin bat egin du Major lehen ministro ohiak
Halaber, Gina Miller brexitaren aurkako ekintzaileak bultzatu duen legezko ekimen batekin bat egin du John Major Erresuma Batuko lehen ministro ohiak. Zehazki, irailaren bigarren astetik urriaren 14ra bitartean Parlamentuaren jarduna eteteko aginduaren berrikusketa judiziala eskatu du Millerrek.
"Etenaldia berehalakoa dela ikusita, eta ahaleginak bikoiztea saihesteko asmoz, Gina Millerrek aurkeztu zuen helegitean esku hartzeko baimena eskatu nahi dut, beste prozesu bat abiatu aurretik”, esan zuen buruzagi kontserbadoreak ohar batean.
Hala, ekimen horretan parte hartzeko baimena jasotzen badu, auzitegiari laguntzeko asmoa duela azaldu zuen Majorrek, "ministro eta lehen ministro gisa Gobernuan jardun izanaren ikuspegitik".
Millerrek Twitterren iragarri zuenaren arabera, ostegunean, irailaren 5ean, aztertuko dute helegitea, eta Majorren babesa onartu duela baieztatu zuen.