Itxi

Birusa

Ebola agerraldiak 2.000 hildakotik gora eragin ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Orain arteko bigarren kasu hilgarriena da mundu mailan. Azken hamar asteetan batez beste 80 pertsonari eragiten die birusak aste bakoitzeko.

Ebola agerraldiak 2.000 hildakotik gora utzi ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan. Argazkia: EFE

Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdea astindu duen ebola agerraldi berriak 2.000 hildako baino gehiago eragin ditu dagoeneko, tokiko agintariek ostiral honetan zabaldu dituzten datuen arabera. Halaber, beste 3.000 pertsona kutsatu dira gaitz horrekin.

Ebola izurrite honen lehen kasuak iazko abuztuaren 1ean azaldu ziren ofizialki, eta orain arteko bigarren kasu hilgarriena da mundu mailan. Zehazki, ebola agerraldirik larriena, 2013 eta 2016 urteen artean agertu zen. Orduan, birus hilgarri hau lehen aldiz atzeman zuten epe horretan, 11.300 pertsona baino gehiago hil ziren.

Arrazoi horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ebola agerraldi honen hedapenari aurre egiten lagun ditzaten eskatu die bere bazkideei, Ugandan gaixotasun honen beste kasu bat atzeman ostean..

"Ingurune izugarri zail batean ari gara lanean, baina diru-emaileen babesari esker eta Osasun Ministerioak hartutako neurriei esker, baita OMEk eta haren bazkideek egindako ekarpenei esker, milaka bizitza salbatu ditugu jada", adierazi du Matshidiso Moeti OMEko Afrikako eskualde horretako zuzendariak.

"Gaitzari elkarrekin aurre egiten saiatzen ari gara, eta, horregatik, ekarpenak egiten jarraitzeko deia egiten diegu gobernuz kanpoko erakundeei eta NBEko bazkideei. Guztiok daukagu zeregin bat, eta gutako bakoitzak sinatzen dugunaren erantzule izan behar du, horrela bakarrik amaitu ahal izango baitugu agerraldi honekin", ohartarazi du.

OMEren arabera, azken hamar asteetan batez beste 80 pertsonari eragiten die birusak aste bakoitzeko. Horrez gain, 200.000 herritar baino gehiagori ebolaren aurkako txertoak jarri dizkiete herrialdean.