Itxi

Erresuma Batua

Akordiorik gabeko 'brexit' baten kontrakoak Parlamentuan gelditzen saiatuko dira

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Boris Johnsonek 'EBtik akordiorik gabe ateratzea' eragotzi nahi dute, eta horrek luzapen berri bat eskatuko du, Keir Starmer laboristak azaldu duenez.

Keir Starmer laborista, akordiorik gabeko 'brexit' baten kontrako ekitaldian. Argazkia: EFE

Akordiorik gabeko brexit baten kontra dauden diputatuek lege proposamena aurkeztu dute aste honetan egoera hori eragozteko, Keir Starmer Alderdi Laboristaren brexit-erako bozeramaileak iragarri duenez.

Helburua Johnsonek "EBtik akordiorik gabe ateratzea" eragoztea da, Starmerrek azaldu duenez. Ez ditu proposamenari buruzko xehetasun gehiago eman. "Proposamen honek bermatu nahi du akordiorik gabe joango ez garela, eta horrek luzapen bat beharko du. Luzapen horren luzaera bigarren mailakoa da, egia esateko. Sinpleki, akordiorik gabe joatea eragotzi behar dugu", esan du.

Starmerrek iragarritako proposamenak ez du ziurtatuta Parlamentuan onartuko denik, alderdi guztietan aldeko zein kontrako jarrerak daudelako.

Michael Gove ministroak erantzun dio ezin dutela lege berria beteko dutenik hitzeman, edukia ezagutzeko itxarotea eskatu duen arren. "Ikusiko dugu zer motatako legea den", esan du, eta azpimarratu du Gobernua ez dela "akordiorik egon ez dadin errazteko ezer egiten ari".

Starmerrek Goveren "lotsagabekeria" kritikatu du. "Ministro batek Gobernuak legea beteko duenik ez baieztatzea lotsagabekeria da. Lehen ministroak zerbait esan behar du berehala. Inongo gobernurik ez dago legearen gainean", azpimarratu du Twitterren.

EBtik akordiorik gabe irteteari dagokionez, Govek onartu du "zenbait" jakiren "prezioek gora egin" lezaketela, baina beste produktuenek "behera egingo dute", eta azpimarratu du urriaren 31an Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko pertsonen zirkulazio askea "orain ezagutzen dugun bezala" bukatuko dela.

Boris Johnsonen Gobernuak EB urriaren 31n uztearen konpromisoa hartu du, akordioarekin ala gabe. Horrela Bruselari presioa sartu nahi dio. Momentuz, EBk ez du berriz akordioa negoziatu nahi, eta Theresa Mayren Gobernuak onartutakoa defendatzen du.

Mayk ez zuen lortu Parlamentuak akordioaren alde egitea, Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublikaren arteko muga irekita dagoen bitartean Erresuma Batuak EBren araudia betetzen jarraituko duela bermatzen duen backstop edo larrialdi planaren inguruko desadostasunengatik.

Albisteak (3)