Itxi

Erresuma Batua

Akordiorik gabeko 'brexit'aren aurkako legea tramitatzea onartu du Komunen Ganberak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Lege berria asteazken honetan bozkatuko dute Parlamentu britainiarrean. Itunik lortu ezean, Boris Johnsonek ezingo du 'brexit'a urriaren 31n gauzatu.  

Komunen Ganbera. Argazkia: EFE

Komunen Ganberak bat egin du Boris Johnson lehen ministroari aurre egiteko, eta Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe ateratzea ekiditeko lege bat tramitatzea onartu du.

Gaur gauean egindako osoko bilkuran, lege horrek aldeko 328 boto eta kontrako 301 eman dituzte.

Horrela, diputatuek Parlamentuko jardueraren kontrola kendu diote Gobernuari, eta asteazken honetan, premiazko prozeduraren bidez, lege berri bat onartuko dute; horren ondorioz, urriaren 31 baino lehen itunik lortu ezean, Johnsonek 'brexit'a atzeratzea eskatu beharko du.

Bozketa amaitutakoan, Johnsonek ohartarazi du testu berriak aurrera egiten badu hauteskunde orokorrak deituko dituela.

"Nik ez dut hauteskunderik nahi, baina bihar diputatuek 'brexit'a alperrik atzeratzearen alde egiten badute, hauteskundeak deitu beste aukerarik ez dut izango", adierazi du.

Hauteskundeak deitzeko, baina, Komunen Ganberako bi herenen babesa lortu behar du, eta horrek esan nahi du Gobernu britainiarrak oposizioko zati baten babesa lortu beharko lukeela.

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak aurreratu du prest dagoela hauteskundeetan Johnsonekin lehiatzeko, baina aurrez akordiorik gabeko 'brexit'a gauzatzea galarazteko legea onartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du.

Hainbat diputatu kontserbadore, oposizioarekin

Gaur gaueko bozketan, 21 diputatu kontserbadorek oposizioarekin bat egin, eta aipatu araua tramitatzearen aldeko botoa eman dute.

Gainera, arratsaldean, osoko bilkura hasi aurretik, kontserbadoreek gehiengoa galdu dute Parlamentuan, Phillip Lee diputatu 'tory'ak Alderdi Liberal Demokratara joatea erabaki duela iragarri baitu, Johnsonen jarrera gogor kritikatu ondoren.

Johnsonek itun berri bat egin nahi du Bruselarekin, baina, akordioarekin edo akordiorik gabe, 'brexit'a urriaren 31n gauzatuko dela adierazi du behin eta berriro.

Lehen ministro britainiarraren iritzian, 'brexit' gogorraren aukera oztopatuta, Erresuma Batuaren nahiz Europar Batasunaren interesak kaltetuko lirateke, eta Bruselarekin negoziatzeko abagunerik gabe geratuko lirateke.

Bestalde, Gobernu britainiarrak esan duenez, oposizioarekin bat egin duten diputatu kontserbadoreak talde parlamentariotik kanporatuko dituzte eta hauteskundeetara aurkeztea galaraziko diete.

Albisteak (5)