Erresuma Batua
Johnsonek 'zuzen' jokatu zuen Parlamentuaren jarduna etenda, Justiziaren arabera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lord Raymond Doherty epailearen hitzetan, erabakiak "ez du legea hautsi", Komunen Ganberaren jarduna etetea "botere betearazlea" delako, hots, Gobernuari dagokiolako.
Boris Johnson lehen ministro britainiarrak Parlamentuaren jarduna aldi baterako eteteko hartutako erabakia "legezkotzat" jo du Edinburgoko (Eskozia) Auzitegiak.
Lord Raymond Doherty epailearen hitzetan, erabakiak "ez du legea hautsi", Komunen Ganberaren jarduna etetea "botere betearazlea" delako, hots, Gobernuari dagokiolako.
Horixe da, hain zuzen, 70 diputatu britainiarrek aurkeztutako helegiteari Eskoziako aipatu auzitegiak emandako erantzuna.
Epaia irakurtzean, epaileak adierazi du ez duela uste epaitegietan erabaki beharreko kontua denik, hau da, ez luketela Gobernuaren jarduna auzitegietara eraman beharko. "Gobernuaren betebeharra delako Parlamentuari kontuak ematea".
"Erabaki politikoa da", esan du, eta gaineratu du "botereen banaketa" kontuan izanda, ez zela Auzitegiaren ardura Gobernuaren jardunean sartzea.
Bukatzeko, Lord Dohertyk nabarmendu du auzia "ilegaltzat" eta "antikonstituzionaltzat" jo nahi zuten salatzaileen eskaera atzera bota duela. Horiek, baina, iragarri dute Britainia Handiko Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dutela, eta litekeena da epaiketa irailaren 17an egitea.
Salaketaren erantzule nagusi Joanna Cherry Eskoziako Alderdi Nazionalistako diputatuak, bestalde, zera adierazi du Twitter bitartez: "Epaileak huts egin du. Horregatik, apelazioa aurkeztuko dute salatzaileek".