Erresuma Batua
Hauteskundeak aurreratzeko Johnsonen proposamena atzera bota du oposizioak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erresuma Batua Europar Batasunetik itunik gabe aterako ez dela bermatu arte, ez duela hauteskundeak aurreratzerikonartuko erakutsi du oposizioak.
Akordiorik gabeko 'brexit'a eragozteko legeak aurrera egingo duela ikusita, Boris Johnsonek hauteskundeak urriaren 15era aurreratzea proposatu du gaur gauean, baina Komunen Ganberak atzera bota du mozioa.
Hauteskundeak deitu ahal izateko, 434 diputaturen babesa (Parlamentuaren bi heren) behar zuen Gobernuak, baina 298k soilik bozkatu dute alde; 56 kontra agertu dira, eta parlamentarien gehiengoak abstentzioaren alde egin du.
Erresuma Batua Europar Batasunetik itunik gabe aterako ez dela bermatuta izan arte, ez duela hauteskundeak aurreratzerik onartuko erakutsi du oposizioak.
Bide horretan, arratsaldean beste urrats bat gehiago eman du Komunen Ganberak, akordiorik gabeko 'brexit'a galarazteko legea onartuta. Legea Lorden Ganberara eramango dute orain, eta, ondoren, Isabel II.a erreginak, estatuburuak, onetsi beharko du.
Arau horren arabera, urriaren 19a baino lehen itunik ez badago, Johnsonek 'brexit'a gauzatzeko epea atzeratzeko eskatu beharko du.
Europar Batasunetik urriaren 31n ateratzearen aldekoa da Johnson, baina oposizioaren kritikak jaso ondoren, hauteskundeak aurreratzea proposatu du, irtenbide gisa. Alabaina, agerian geratu da Komunen Ganberako gehiengoaren lehentasuna akordiorik gabeko 'brexit'a eragozteko legea ahalik eta azkarren onartzea dela.
Inkestak
Johnsonen Alderdi Kontserbadoreak gora egin du inkestetan uztailaren amaieran gobernuburu kargua hartu zuenetik. YouGovek aste honetan argitaratutako inkestaren arabera, hauteskundeak orain eginez gero, kontserbadoreek botoen % 35 jasoko lituzkete; laboristek, % 25; liberal-demokratek, % 16, eta Brexitaren Alderdiak, % 11.