'Brexit'
'Brexit' gogor batek ez lituzke urratuko Ipar Irlandako bake-akordioak
Agentziak | Erredakzioa
Belfasteko Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, Erresuma Batua Europar Batasunetik adostasunik gabe irteteak ez lituzke hautsiko 1998ko Ostiral Santuko Akordioak.
Belfasteko Auzitegi Nagusiak ostegun honetan ebatzi duenez, Erresuma Batua Europar Batasunetik inolako akordiorik gabe irteteak ez lituzke urratuko 1998ko Ostiral Santuko Bake Akordioak; bake-akordio horien ondorioz, Ulsterren zegoen matxinada armatuari amaiera eman zitzaion.
Hiru lagunek, tartean Raymond McCord ekintzaileak, alegatu zuten Auzitegiaren aurrean banaketa gogor batek akordioak urratuko lituzkeela, eta ez dagoela legerik Boris Johnsonen Gobernuak aukera izan dezan urrats hori emateko (urriaren 31n, baina, horixe bera gerta liteke).
Dena dela, Bernard McCloskey epaileak ebatzi duenez, "prozedura hauen arazoaren karakterizazioa, zalantzarik gabe, politikoa da", eta, hortaz, gai honi lotutako edozein froga "politika-mailakoa da, arlo nazionalean zein nazioartekoan".
Tony McGleenan abokatuak Gobernu britainiarra ordezkatzen zuen, eta, adierazi duenez, Lisboako Itunaren 50. artikuluan zehaztuta dagoen negoziatzeko beharra Bruselari dagokio, ez horrenbeste EBtik irten nahi duen Estatuari, alegia, Erresuma Batuari. Gainera, argudiatu duenez, Brexitaren gainean 2017an eta 2018an onartutako legeek "euren gain hartzen dute akordioa egotea, baina ez dute horretara behartzen".
Hainbat helegite, azken egunotan
Azken egunotan, hainbat helegite aurkeztu dituzte, Erresuma Batuko zenbait instantzia judizialetan, Boris Johnsonen lehen ministroaren planen aurka. Oposizioak aurpegiratu dio, halaber, Parlamentuaren lana geldiarazi izatea. Asteazkenean, Eskoziako Apelazio Auzitegi garrantzitsuenak "legez kontrakotzat" jo zuen Parlamentua bertan behera egotea, nahiz eta azken erabakia oraindik ez den hartu.
McCorden abokatu batek, Ciaran O’Harek, baieztatu die kazetariei helegitea aurkeztuko dutela, eta espero duela auzia Gorenera ere eramatea: "Asmoa da auzi guztiek Auzitegi Gorenean bat egitea", aseguratu du.