Kargatzen...
Itxi

Israel

Netanyahuk Zisjordaniako kolonogune bat legeztatu du hauteskundeen atarian

Agentziak | Erredakzioa

Iragan astean Jordan Ibarra anexionatzeko asmoa azaldu zuen Israelgo lehen ministroak, berriz gobernuburu aukeratzen baldin badute, eta igande honetan kolonogune bat legezkotu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gobernua Jordan Ibarrean, okupatutako Zisjordanian, bildu du gaur Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta eskualdeko kolonogune judu bat arautzea eta zabaltzea onartu du, hauteskundeak egiteko bi egun soilik falta direnean.

Exekutiboak kolonogunea legeztatu du, nahiz eta Gobernuaren baimenik gabe eraikitakoa izan, eta etorkizunean hedatzeko aukera izango duela aurreratu du, lehen ministroaren bulegoko iturriek baieztatu dutenez.

Iragan astean Jordan Ibarra anexionatzeko asmoa azaldu zuen Netanyahuk, berriz lehen ministro aukeratzen baldin badute, eta igande honetan kolonogune bat legezkotu du. Hasiera batean, Estatuko fiskalburua neurriaren aurka agertu zen, propaganda politikoa izan zitekeela iritzita, baina gaur atzera egin du, Times of Israel atariak azaldu duenez.

Netanyahuk ohar batean zehaztu duenez, kolonogunea behin betiko onartzeko ebazpena "Gobernu berriak onartuko du".

Hauteskundeak irabazi eta Gobernua osatzen baldin badu, Jordan Ibarrean, Zisjordaniako mugan, soberania israeldarra inposatzea agindu zuen gobernuburuak iragan asteartean. Eremua Zisjordaniaren % 30a da.

Zisjordaniako eta Ekialdeko Jerusalemen bizi diren kolono juduen (600.000 israeldar baino gehiago) botoa erakartzeko neurriak direla uste dute askok.

Okupazioa

Jordan Ibarreko eskualdean 60.000 bat palestinar eta 9.500 kolono judu bizi dira 37 kolonoguneetan, NBEko datuen arabera. Eskualdea Israelgo segurtasunarentzako berebizikoa dela uste du Netanyahuk.

Nekazaritzarako lur emankorra da, klima beroa eta substratuan ur asko duelako. Ura soro zabalak ureztatzeko erabiltzen du Israelek, gehienak Tel Avivek ustiatzen dituelako.

Eremua, gainerako Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalem bezalaxe, 1967ko Sei Eguneko Gerran okupatu zuen Israelek.

Nazioarteko hainbat ebazpenek Palestinako lurraldeen okupazioa gaitzetsi dute.

Nazioartearen iritziz, kolonogune juduek ez dute legean oinarririk, nazioarteko zuzenbidea urratzen dute eta bidezko bake iraunkor bat lortzeko oztopo bat dira.

Albisteak (1)

Bideoak (1)