'Brexit'
Urriaren 19rako akordioa lortu ezean, luzapena eskatuko dio Erresuma Batuak EBri
agentziak | erredakzioa
Urriaren 19raino eman diote Boris Jonhsoni akordioa adosteko. Epe horretan lortu ezean, luzapen berri bat eskatu beharko dio EBri.
Urriaren 19rako akordioa lortu ezean, Erresuma Batuko Gobernuak ateratzeko epearen luzapena eskatu beharko dio Europar Batasunari, brexitaren azken epea urriaren 31n amaitzen baita.
Edinburgoko Bilkuretako Auzitegian ostiral honetan aurkeztutako zenbait agiri ofizialen arabera, Boris Johnson lehen ministro kontserbadoreari isuna zein kartzela zigorra ezarri diezaiokete negoziatu gabeko brexita agintzen badu.
Agiri horretan jasotakoaren arabera, "Johnsonek gutuna bidali behar du urriaren 19a baino lehen". Agiria Jolyon Maugham brexitaren aurkako ekintzaileak zabaldu du.
Lehen ministroa Parlamentuak onartutako legea onartzeko prest egongo litzateke horrela, Europako Kontseilua amaitzerako, urriaren 19rako, Bruselarekin itunik egin ezean, negoziazioak luzatzeko prest, alegia.
Dokumentuak Lord Pentland epaileak zuzentzen duen auzitegian entregatu ostean, Downing Streeteko bulego ofizialak ez du adierazpenik egin nahi izan.
Dokumentuak Joanna Cherry Eskoziako Alderdi Nazionalistako (SNP) parlamentariak, Vince Dale enpresariak eta Jolyon Maugham 'brexit'aren aurkako 'The Good Law Project' plataformako ordezkariak zabaldu dituzte.
Horien abokatuak azpimarratu du dokumentu horiek gezurtatu egiten dutela Johnsonek orain arte izan duen jokabidea, Britainia Handiak EB utziko duela hilaren 31n akordioarekin edo akordiorik gabe.
Litekeena da auzitegiak datorren astelehenean jakinaraztea akordiorik gabeko 'brexit'ak Johnsonengan izango lituzkeen ondorioak, isun batetik hasi eta espetxe-zigorreraino.