Erresuma Batua
Tuskek 'brexit'aren luzapena onartzeko gomendatuko die EBko kideei
Agentziak | Erredakzioa
Komunen Ganberak Johnsonek 'brexit'aren akordioa parlamentuan tramitatzeko proposatutako egutegia atzera bota eta ordu gutxira iritsi da Tusken mezua.
Erresuma Batuak brexitaren data luzatzeko egin duen eskaera onartzeko gomendatuko die Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak Europar Batasuneko estatu kideei. Izan ere, horren epemuga urriaren 31rako ezarrita zegoen arren, Erresuma Batuko parlamentuak ez du onartu legea ia denborarik gabe tramitatzea.
“Boris Johnson lehen ministroak Erretiro Akordioa berresteko prozesua etetea erabaki ostean, eta akordiorik gabeko brexita saihesteko asmoz, Erresuma Batuak eskatutako luzapena onartzeko gomendatuko diet Europar Batasuneko estatu kideei”, jakinarazi du Tuskek. Gauzak horrela, 2020ko urtarrilaren 31n finkatu daiteke irteera-data berria.
Twitter bidez zabaldutako mezu batean azaldu duenez, “idatzizko prozedura bat proposatuko du horretarako”, eta, ondorioz, Europar Batasuneko 27 estatu kideek proposamena onartzen badute ez da gai hori aztertzeko ezohiko goi bilerarik egingo. Horrek, ateak ixten dizkio azken orduko edozein negoziaziori.
Testuinguru horretan, Europako Kontseiluko presidentea “luzapen malgua” lortzen saiatu zen, baldin eta Komunen Ganberak akordioa lehenago babesten bazuen. Horren bitartez, Europar Batasunetik 2020ko martxoko azken astean irteteko aukera eman nahi zion herrialdeari.
Komunen Ganberak Johnsonek brexitaren akordioa parlamentuan tramitatzeko proposatutako egutegia atzera bota eta ordu gutxira iritsi da Tusken mezua.
Parlamentarioek kontrako 322 botorekin eta aldeko 308 botorekin baztertu dute Johnsonen gobernuaren 'bide orria', izan ere, dena aztertzeko hiru egun finkatu nahi zituen Erresuma Batuko lehen ministroak, legea ostegunean onartuta gera zedin.
Dena dela, parlamentariek aldeko 329 botorekin eta kontrako 299rekin onartu dute brexitaren akordioari buruzko lege proiektua, parlamentuan horren tramitazioa ahalbidetuz.
Alabaina, irteera-data 2020ko urtarrilaren 31ra arte luzatzeari buruz Europar Batasunak eman beharreko erantzunaren zain dauden bitartean, brexitaren inguruko tramitazioa geldiaraztea erabaki du Johnosnek.
"Nire etsipena adierazi behar dut Komunen Ganberak beste atzerapen baten alde bozkatu duelako, herrialdea urriaren 31n Europar Batasuna uzteko prest dagoela bermatuko lukeen egutegi baten alde egin beharrean", esan du Johnsonek.