Erresuma Batua
Eskoziak bigarren erreferendum bat egiteko eskaera egingo du urtea amaitu baino lehen
Agentziak | Erredakzioa
Nicola Sturgeon lehen ministroak nabarmendu duenez, eskaera Downing Streetera bidaliko dute, "nor dagoen gorabehera" (abenduaren 12an hauteskundeak dituzte Erresuma Batuan).
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak ostiral honetan iragarri duenez, Gabonak iritsi aurretik bigarren erreferendum bat egiteko eskaera egingo dio Gobernu britainiarrari. 2014an ezetz esan zioten eskoziarrek independentziari, baina brexit-a tarteko, galdera berriro egin behar dela uste du Eskoziako Alderdi Nazionaleko burua ere badenak.
Aurretik iragarria zuen Sturgeonek beste kontsulta bat egiteko asmoa, baina orain zehaztu du urtea amaitu baino lehen abiatuko dituela izapideak. Eskuduntzak itzultzeko 1998ko legearen 30. sekzioaren arabera, Eskoziako Parlamentuak badu independentzia erreferendum bat egiteko eskumena, baina Gobernu britainiarri eskaera formala helarazi behar dio, eta horrek onartu.
"30. sekzioaren eskaera Gabonak baino lehen bidaliko dugu Downing Streetera, nor dagoen gorabehera. Izan ere, Eskoziak bere etorkizunaren kontrola hartu behar du", adierazi du.
2014ko erreferendumean eskoziarren % 55ek baztertu zuten independentzia, eta % 45 horren alde agertu ziren. Brexit-arekin egoera aldatu egin dela defendatzen du Sturgeonek. Gogorarazi duenez, Eskoziako herritarren % 62k Europar Batasunean jarraitzearen alde egin zuten.
Eskoziaren eskaerak Erresuma Batuan abenduaren 12rako deituta dauden hauteskundeekin egingo du bat. Boris Johnson lehen ministroa da faborito, eta buruzagi kontserbadoreak esana du ez duela bigarren erreferendum bat baimenduko.