Estatu-kolpea Bolivian
NBEk bitartekari bat bidali du Boliviara, gatazkari irtenbide baketsua emateko asmoz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bolivian bizi duten gatazka elkarrizketaren bidez konpontzen laguntzeko eskatu die Evo Moralesek Nazio Batuen Erakundeari eta Europako herrialdeei.
Nazio Batuen Erakundeak bitartekari bat bidali du ostegun honetan Boliviara, alderdi politiko ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko eta gatazkari konponbide baketsua emateko asmoz.
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko buruzagiak Jean Arnault diplomazialari frantziarrari eman dio mandatu hori.
"NBEren asmoa krisi honi konponbide baketsua emateko ahaleginean laguntzea da, eta, besteak beste, hauteskunde gardenak eta sinesgarriak egitea", adierazi du Stephane Dujarric bozeramaileak.
Halaber, Boliviako herritarrei "indarkeriarik ez erabiltzeko" eskatu die.
Arnault esperientzia handiko gizona da. Iaz, Kolonbian izan zen NBEren bidali berezi gisa, eta Georgia, Afganistan, Burundi eta Guatemalako gatazketan ere egon da.
NBEk bitartekari bat bidaltzeko erabakia iragarri aurretik, Evo Moralesek bakea elkarrizketaren bidez lortzeko laguntza eskatu die publikoki NBEri, Europako herrialde lagunei eta Eliza katolikoari.
Buruzagi indigenak elkarrizketa nazionalerako deia egin du, liskarrak amaitzeko, eta, "herriak hala eskatuz gero", Boliviara itzultzeko prest agertu da.
Estatu-kolpearen ondorioz, Mexikora ihes egin behar izan zuen Moralesek, eta asilo politikoa eman diote han.