Ameriketako Estatu Batuak
Europar Batasuneko enbaxadore estatubatuarrak onartu du Ukrainari presio egin ziotela
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gordon Sondlandek azaldu duenez, Joe Bidenen semea ikertzeko presio egin zieten Ukrainako agintariei, eta agindua Donald Trumpek berak eman zuen.
Europar Batasunean Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadore den Gordon Sondlandek esan du Ukrainari presio egin ziotela Joe Biden AEBko presidente ohiaren semea (Hunter Biden) iker zezaten, eta agindu hori Donald Trumpek eman zuela gaineratu du.
Trump kargugabetzeko ikerketa egiten ari dira AEBko Kongresuan, eta asteazkeneko saioan Sondlandek egin du agerraldia.
Bi herrialdeek elkarri mesedeak egin zizkiotela adierazi du. Ukrainak Hunter Biden eta Joe Biden ikertuko zituela publikoki iragartzea lortzeko, AEBko Gobernuak herrialde horri ematen zion laguntza militarra geldiarazi zuela kontatu du.
Halaber, horren esanetan, Estatu Departamentuak, Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak eta Etxe Zuriak bazekiten Ukraina presionatzen ari zirela Biden aita-semeak ikertzea lortzeko.
Areago, Sondlanden arabera, Mike Pompeo Estatu idazkariak, John Bolton Segurtasun Nazionalerako kontseilari ohiak eta Etxe Zuriko goi-kargudunek bazekiten Rudolph Giuliani Trumpen abokatua Ukrainako agintariekin harremanetan zegoela aipatu helburua lortzeko asmoz.
"Bazekiten zertan eta zertarako ari ginen. Denak zeuden jakinaren gainean. Ez zen sekretua", azaldu du Kongresuko Inteligentzia Batzordean egin dituen adierazpenetan.
Bestalde, Sondlandek ukatu egin du Ukrainako kontuak eramateko "diplomazia paralelorik" izan zela, eta erantsi du berak ez zuela nahi, baina behartu egin zutela Kurt Volker Ukrainako bidali bereziarekin eta Rick Perry AEBko Energia idazkariarekin lan egitera.
Sondlandek emandako testigantzaz galdetuta, Donald Trumpek esan du ez duela ondo ezagutzen eta ez duela berarekin asko hitz egin. "Ez dut gizon hori askorik ezagutzen, baina pertsona jatorra ematen du", erantzun du, ironiaz.
Trumpek berretsi egin du hau guztia bere aurkako "sorgin-ehiza" dela, eta ikerketa prozesu hau berehala amaitzeko eskatu du, "herrialdearentzat oso txarra delako".