Erresuma Batua
Uber konpainiari lizentzia kendu diote Londresen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bidaiarien segurtasuna arriskuan jartzea argudiatuta, Transport for London erakundeak Uberri lizentzia kentzea erabaki du.
Londresko garraio sistema kudeatzeaz arduratzen den Transport for London (TfL) erakundeak Uber konpainiari Erresuma Batuko hiriburuan jarduteko lizentzia kendu dio. Irailean, bi hilabeteko baimena eman zioten, bidaiarien segurtasunaren inguruan antzemandako arazoen harira informazioa biltzen zuten bitartean.
Identifikatu gabeko gidariak atzeman dituztelako kendu diote lizentzia, TfL erakundearen arabera. Gidari horiek euren argazkiak beste gidari batzuen profiletara igo, eta horiek zirelakoan eramaten zituzten bezeroak. Sadiq Khan Londresko alkateak adierazi duenez, trikimailu hori erabiliz 14.000 bidaia inguru egin dira azken hilabeteetan.
Gainera, kaleratutako gidariek Uberreko profil berri bat ireki eta bidaiariak hartzeko aukera zutela jakinarazi du TfLk.
Enpresak 21 egun ditu apelazioa aurkezteko. Prozesu judizialak irauten duen bitartean, gidariek lanean jarraitzeko aukera izango dute. Denbora tarte horretan, Uberrek beharrezkoak diren neurriak hartu ahalko ditu, arauak betetzen dituela eta, ondorioz, zerbitzua emateko baldintzak betetzen dituela frogatzeko.