Itxi

TASA DIGITALA

EBk gogor erantzungo die AEBko muga-zergei, Frantziaren arabera

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Frantziaren arabera, mundu digitalaren erraldoiak zigortzea helburu duen proiektua ez da diskriminatzailea, beste herrialde batzuetako enpresei ere zuzentzen zaielako, Txina kasu.

Aplikazio digitalen ikonoak. Argazkia: Pexels.com

Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak astearte honetan esan duenez, Europar Batasuna (EB) gogor erantzuteko prest dago, baldin eta Ameriketako Estatu Batuek % 100eko muga-zergak ezartzen badizkiete Frantziako zenbait produkturi, Frantziak onartutako teknologia-tasari erantzunez.

Ekonomiako arduradunaren arabera, Europako Batzordearekin harremanetan jarri zen atzo (astelehena), zigor berrien aurrean erantzun "irmoa" emango dutela bermatzeko.

Le Mairek onartezintzat jo du Washingtonen iragarpena: 2.400 milioi dolarreko zergak jarriko dizkie Frantziako zenbait produkturi, Frantziako Gobernuak teknologia enpresa handiei (Google eta Facebook, besteak beste) zerbitzu digitalen gaineko tasa bat jartzeko erabakiari erantzunez.

"Onartezina da, ez dago aliatu baten mailan, eta ez da Estatu Batuek izan beharko lukeen jokabidea bere aliatu nagusietako batekin, Frantziarekin, eta, modu orokorragoan, Europarekin", kritikatu du.

Le Maireren ustez, mundu digitalaren erraldoiak zigortu nahi duen proiektua ez da diskriminatzailea, beste herrialde batzuetako enpresei ere zuzentzen zaielako, Txinari kasu, eta "justizia fiskala berrezartzea" duelako xede.

"Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mahai gainean dagoen nazioarteko zerga-ezarpeneko proiektu bat dago, Frantziak baiezkoa eman diona, eta Estatu Batuetako aldarrikapen eta itxaropen guztiak kontuan hartu dituena", esan du.

Horren iritziz, AEBko Gobernuak nazioarteko plan hori onartzen ez badu, abuztuaren amaieran Biarritzen G7aren goi-bileran hartutako konpromisoari muzin egingo lioke, gai digitalari nazioarteko irtenbiderik aurkitu nahi ez diolako.

Trumpek zigorrekin erantzun dio Frantziari

AEBko Gobernuak atzo iragarri zuenez, Frantziako 63 produktu-kategoriari zergak ezarriko dizkie, Emmanuel Macronen Exekutiboak AEBko teknologia enpresa handien (Google eta Facebook, esaterako) zerbitzu digitalen diru-sarreren gaineko tasa bat ezarri ostean.

Zerrenda horretan, hainbat gazta mota, poltsak, ardo aparduna eta makillajeko hainbat produktu daude.

Uztailean Frantziak GAFA tasa (Google, Apple, Facebook eta Amazon konpainiei eragiten die) ofizialki aldarrikatu eta hilabete batzuetara iritsi da Donald Trumpen Gobernuaren neurria. Tasa horren arabera, negozio digitalaren fakturazioaren % 3ko zerga ezarri behar zaie Frantzian enpresa horiei, internauta frantziarrei esker lortzen dituzten irabaziengatik zergak ordaintzera behartzeko.

Urtean mundu mailan 750 milioi eurotik gorako diru-sarrerak dituzten konpainiei eragiten die Frantziako zergak, eta 30 bat enpresa izan litezke kaltetuak, gehienak estatubatuarrak, nahiz eta zerrendan txinatarrak, britainiarrak eta alemaniarrak ere sartzen diren.

Aurreikuspenen arabera, Trump eta Macron aste honetan bilduko dira Londresen, NATOren goi-bileraren baitan, eta, besteak beste, Washingtonek teknologien tasari emandako erantzuna aztertuko dute.