Epaiketa politikoa
Argi berdea Trumpen aurkako 'impeachment'ari, 'gertaerak ukaezinak' direlako
agentziak | erredakzioa
Horixe adierazi du Nacy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak, 'impeachment'a ikertzen ari den batzordeak idatzitako txostenean oinarrituta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak iragarri du behe ganberak 'impeachment' edo Donald Trump presidentea kargugabetzeko prozesua aktibatzeko agindua eman duela. Joe Biden presidenteorde ohiaren semea ikertzeko Ukrainari egindako presioengatik hasi dute prozesua.
"Atsekabez, baina AEBekiko konfiantzaz, umiltasunez eta maitasunez, Batzorde Judizialeko presidenteari 'impeachment'aren artikuluak idazteko eskatzen diot", adierazi du Pelosik komunikabideen aurrean egindako agerraldian.
Buruzagi demokrataren ustez "gertakariak ukaezinak" dira. "Presidenteak gehiegikeriaz erabili zuen boterea bere alde, gure segurtasun nazionala aintzat hartu gabe", adierazi du.
'Impeachment'a ikertzen ari den batzordeak idatzitako txostenean oinarrituta hartu du erabakia Pelosik, izan ere, txosten horretan agertzen denez, "Trump presidenteak hilabeteetan egin zuen esfortzua bere bulegoaren boterea erabiliz atzerritarren eskuhartzea eskatzeko 2020ko hauteskundeei begira".
Batzordeak ondorioztatu du Trumpek AEBen atzerri politika bihurritu zuela Ukrainan, “arrazoi politikoengatik” bi ikerketa ireki zitzan datorren urteko hauteskundeetan berriro presidente gisa hautatua izateko aukerak handitzeko.
Eta orain zer?
Pelosiren oniritziarekin, eta aipatu txostenean oinarrituta, Ordezkarien Ganberako Batzorde Judizialak dirudun newyorktarraren aurkako karguen idatzia osatu beharko du orain.
Batzorde Judizialak jakinarazi du astelehenean elkartuko dela lanei ekiteko. Hainbat adituri entzungo die, eta bertan izango dira abokatu demokratak eta errepublikanoak. Ordezkarien Ganberak Trump gonbidatu zuen, baina Etxe Zuriak uko egin dio eskaintzari.
CNNk aipatutako iturrien arabera, Trumpi boterea gehiegikeriaz erabiltzea, eroskeria eta Kongresuari eta Justiziari oztopoak jartzea leporatuko diote.