Pakistan
Pervez Musharraf presidente ohiari heriotza zigorra ezarri diote traizioa egotzita
Agentziak | Erredakzioa
Militar izandakoa absentzian zigortu dute, atzerrian bizi baita.
Pakistango auzitegi batek heriotza zigorra ezarri dio Pervez Musharraf presidente kolpista izandakoari, traizioa egotzita. 2007an gertatukoengatik kondenatu dute diktadore ohia, hots, salbuespen-egoera ezarri eta ordena konstituzionala bertan behera uzteagatik.
"Hiru epailek osatutako auzitegi berezi batek Pervez Musharraf heriotza zigorrera kondenatu du. Traizioa egin zuela ebatzi dute", jakinarazi du Azhar Siddique Musharrafen abokatuak.
Musharrafek 1999an eman zuen estatu-kolpea, eta 2008ra arte izan zen agintean. 2016an Dubaira egin zuen ihesi, eta hala, absentzian zigortu dute.
Pakistango Liga Musulmana (PML-N) alderdia buru zuen aurreko Gobernuaren erabakiz hasi zen auzi hori, salaketa jarri baitzuen Musharraf jeneralaren aurka, 2007ko azaroan larrialdi egoera deklaratu izana konstituzioaren aurkako neurria izan zela iritzita.
Armadako buru ohia eta Pakistango presidente ohia 2014ko martxoan inputatu zuten auzian, auzitegiaren aurrean agertu eta kargu guztiak ukatu ondoren.
2016ko martxoan, Pakistandik atera zen agintari ohia, Arabiar Emirerri Batuetan tratamendu medikoa jasotzeko, Auzitegi Gorenak hala baimendu ondoren. Jenerala kanpoan zela zigortu dute, Dubain bizi baita duela lau urtetik.