Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Trump, kargugabetze-prozesuari aurre egin beharko dion AEBko hirugarren presidentea

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Epaiketa politikoa urtarrilean hastea espero da, baina AEBko presidentea kargutik kentzeko aukera oso txikia da. Izan ere, errepublikanoek gehiengo osoa dute Senatuan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Ordezkarien Ganberak Donald Trump presidentearen aurkako kargugabetze-prozesua abiatzea onartu du, eta Senatura igaroko da auzia orain. Gauzak horrela, AEBn epaiketa politiko bati aurre egin behar dion hirugarren presidentea izango da Trump.

Botere gehiegikeria leporatuta bere aurka aurkeztutako karguak aldeko 230 boto demokratekin, kontrako 197rekin (195 errepublikano eta bi demokrata) eta abstentzio bakarrarekin (Tulsi Gabbard kongresista demokratarena) atera dira aurrera.

Zehazki, Collin Peterson eta Jeff Van Drew izan dira ezezko botoa eman duten bi demokratak. Ildo horretatik, Trumpen aurkako kargugabetze-prozesuaren kontra agertu da Van Drew, eta Alderdi Errepublikanora aldatzeko asmoa adierazi du demokratak, inguruko iturrien arabera.

Handik denbora gutxira, beste bozketa bat egin dute Ordezkarien Ganberan, eta argi berdea eman diote Kongresuaren lana oztopatzeagatik bere aurka aurkeztutako karguei -Batzorde Judizialak aurretik ere onartu zituen-, aldeko 229 botorekin eta kontrako 198rekin. Ganberak, 216 boto behar zituen gutxienez Trumpen aurkako epaiketa politikoa Senatura eramateko.

Jared Golden demokratak, 'impeachment' prozesua abiatzearen alde agertu da botere gehiegikeria karguen kasuan, baina, AEBko buruzagiak Kongresuari ustez jarri dizkion oztopoen inguruko bigarren bozketa horretan, ordea, Trumpen aurkako epaiketa politikoaren kontra bozkatu du.

Sei ordu inguru iraun duen saio horretan, Ordezkarien Ganberak erabaki du hurrengo pausoa ematea eta epaiketa politiko bat abiatzea Senatuan, Trumpen kargugabetzea ekarri dezakeena. Ordezkari demokratek fiskal gisa jardungo dute, senatariek epaimahai gisa eta epailea John Roberts Auzitegi Goreneko magistratu burua izango da. Trumpek, bere aldetik, bere abokatuen esku utziko du defentsa.

Trumpen aurkako kargugabetze-prozesua aurrera ateraz gero,  presidente errepublikano bat Kongresuan gaitzesten duten lehen aldia litzateke. Epaiketa politikoa urtarrilean hastea espero da, baina Trump kargutik kentzeko aukera oso txikia da. Izan ere, Ordezkarien Ganberan ez bezala, errepublikanoek gehiengo osoa dute Senatuan (53 ordezkari), eta, gainera, 'impeachment' a gauzatzeko bi herenen babesa behar da.

Testuinguru horretan, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak nabarmendu du "egun handia" dela AEBko Konstituzioarentzat, baina "tristea" herrialdearentzat. Ildo horretatik, "oso harro" agertu da "demokratek erakutsitako adoreaz". "Ez diegu inoiz galdetu nola bozkatuko zuten ", gaineratu du.

Trumpen erantzuna

Donald Trumpek, Michiganen mitin bat ematen ari zela izan du bozketaren emaitzen berri. Alabaina, ez dagoela arduratuta ziurtatu du, errepublikanoen babesa baitu. Ildo horretatik, zenbait demokratek 'impeachment'aren aurka bozkatu izana "harrigarria" dela esan du.

AEBko presidenteak ohartarazi duenez, "Alderdi Errepublikanoa ez da inoiz egon orain bezain haserre baina batuta", eta senatari kontserbadoreek epaiketa politikoan "arduraz" jokatuko dutela azpimarratu du.

"Dena laster eta garaipen handi batekin amaituko da", ziurtatu du Trumpek, bere aurka abiatutako kargugabetze-prozesua Alderdi Demokratarentzat "suizidioa" dela esan ostean.

Etxe Zuriak tamalgarritzat jo du bozketaren emaitza

Trumpen gobernuak berehala eman du bere iritzia, eta, "nazioaren historiako gertakari politiko tamalgarrienetako bat" dela adierazi du.

"Errepublikanoen boto bakar bat ere jaso gabe eta inolako deliturik egin zela frogatu gabe, demokratek presidentearen aurkako legez kanpoko kargu batzuk aurrera atera dituzte Ordezkarien Ganberan", dio testuak.

Hala, Etxe Zuriaren arabera, "auzi alderdikoi batean oinarrituta jokatzea erabaki dute, presidenteak ezer txarrik egin egin ez duen arren. Gainera, audientziek frogatzen dute ez zuela ezer gaizki egin", berretsi du Trumpen gobernuak.

Halaber, Etxe Zuriak "engainutzat" jo du Trumpen aurkako kargugabetze-prozesua, eta AEBko presidenteari "prozesu justu bat" ukatu diotela berretsi du, hori "funtsezkoa" dela iritzita.

"Pailazokeria horiek guztiek argi uzten dute demokratek begi bistatik galdu dutela herri honek behar duena, Kongresuak herriarentzat lan egiteko beharra baitu. Bere asmoek 2016ko hauteskundeen emaitzak baliogabetu eta 2020ko hauteskundeetan modu desegokian eragiteko nahia erakusten dute ", azpimarratu du.

AEBn gaitzesten duten lehen presidente errepublikanoa

Gauzak horrela, Ordezkarien Ganberak gaitzetsitako lehen presidente errepublikanoa bihurtu da Trump, Richard Nixonek (1969-1974) dimisioa eman baitzuen 'Watergate' auziaren aurkako prozesua puntu horretara iritsi aurretik.

Gainera, Senatuan epaiketa politiko bati aurre egin behar dion hirugarren presidentea izango da, Andrew Johnson (1865-1869) eta Bill Clinton (1993-2001) demokraten ondoren.

Albisteak (3)

Bideoak (1)