ERRESUMA BATUA
Sturgeonek Eskoziaren independentziarako erreferendum berri bat eskatu dio Johnsoni
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abenduaren 12ko hauteskundeetan eskoziar nazionalistek lortutako emaitzek 2020ko bukaeran bigarren plebiszitu bat egiteko aukera ematen diotela esan du Sturgeonek.
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak independentziari buruzko beste erreferendum bat egiteko proposamena aurkeztu dio Boris Johnson Erresuma Batuko Gobernuaren buruari.
Abenduaren 12ko hauteskundeetan eskoziar nazionalistek lortutako emaitzek (48 aulki eskuratu zituzten) 2020ko bukaeran bigarren plebiszitu bat egiteko aukera ematen diotela esan du Sturgeonek Bute Housen, Edinburgoko lehen ministroaren egoitza ofizialean.
Eskoziako Alderdi Nazionalistako (SNP) liderrak eskaeraren xehetasunak dituen txostena Johnsoni bidaliko diotela nabarmendu du. Hala ere, Johnsonek eskakizuna baztertzea espero da, 2014ko kontsultan boto-emaileen % 55ek independentziaren kontra bozkatu zutela argudiatuz.
Alderdi guztiek onartutako legezko erreferendum bat izateko, beharrezkoa da Johnsonek ordenamenduko 30. atalean bildutako botereak transferitzea, plebiszitura deitzeko ahalmena emateko Eskoziako Parlamentuari.