Zurrumurruak baztertzen
Ofizialistek ukatu egin dute Hugo Chavezek minbizia duela
Erredakzioa
Presidentearen errekuperazioa eskatzeko errezoak egin dituzte ehunka jarraitzailek. Oposizioak, bestalde, Chavezen egoeraren inguruko berri gehiago exijitu dizkio gobernuari.
Hugo Chavezek ez duela minbizia pairatzen adierazi du Fernando Soto ofizialistak, Venezuelako Parlamentuko presidenteak. Hala, azken egunotan presidentearen osasun egoeraren inguruan zabaldutako zurrumurruak baztertu nahi izan ditu.
Agintariak minbizia balu "ni izango nintzen lurraldeari berri hori ematen lehena. Chavez Habanan dago, errekuperatzen ari da, eta Jaungoikoak nahi badu uztailaren 5ean hemen izango dugu", adierazi die Sotok komunikabideei.Chavez ekainaren 10etik dago Habanan, larrialdiko ebakuntza bat egin zioten, baina hainbat ministrok adierazi dutenez, ongi ari da errekuperatzen.
Sotok deklaratu duenez, Chavezi pelbiseko abzesuagatik egin diote ebakuntza, Brasilen eta Ekuadorren izan ondoren, Kubara egindako bidaiaren amaieran diagnostikatu ziotela esan du.
Miamiko egunkari batek joan den larunbatean argitaratutako berriaren ondorioz sortutako zurrumurruak baztertu nahi izan ditu hala Sotok.
Bitartean, presidentearen ehunka jarraitzailek errezoak eta erritu erlijiosoak egin dituzte presidentea babestu eta energia ona igortzeko.
Julio Borges oposizioko kideak, bestalde, 12 urte agintean eman eta gero, presidentea gaixorik jartzea "normala" dela adierazi du prentsaurrean eta "generazio" berri batek zuzendutako "ziklo berri" bat hasteko garaia dela adierazi du.
Miguel Angel Rodriguez diputatuak, berriz, Chavezen egoeraren inguruko informazio gehiago emateko exijitu dio Gobernuari. Mediku txosten ofizialik ez eman izana "konstituzioa urratzen duen akats larria" dela adierazi du.
Chavezek bere aldetik, Twitterrera jo zuen atzo bere jarraitzaileak lasaitzeko. Bertan, alabak eta hiru bilobak bisitatu zutela zabaldu zuen eta zurrumurruak baztertu dituzten ministroak zoriondu zituen.