Itxi

Erresuma Batua

Parlamentu britainiarrak onartu egin du Europar Batasunetik ateratzeko akordioa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Kontserbadoreek hauteskundeetan lortutako gehiengo absolutua baliatu dute Boris Johnsonen plana aurrera ateratzeko. 'Brexit'a urtarrilaren 31n gauzatuko dute.

Boris Johnson Parlamentu britainiarrean. Artxiboko argazkia: EFE

Komunen Ganberak onartu egin du Erresuma Batua 2020ko urtarrilaren 31n Europar Batasunetik ateratzeko lege-proiektua.

Abenduaren 12ko hauteskunde orokorretan lortutako gehiengo absolutua baliatu du Alderdi Kontserbadoreak Boris Johnson lehen ministroak Bruselarekin adostu zuen akordioa onartzeko. 358 diputatuk eman dute aldeko botoa eta 234 izan dira kontrakoak.

Urtarrila hasieran zuzenketak aurkezteko aukera izango dute talde parlamentarioek, eta urtarrila hasieran bertan onartuko dute behin betiko egitasmoa. Kontserbadoreek gehiengo absolutua daukatela jakinda, ez da ezustekorik espero.

Johnsonek Bruselarekin adostutako itunak baditu zenbait nobedade. Alde batetik, Gobernuak trantsiziorako epea -2020ko abenduaren 31n amaitzen da- luzatzeko aukera kendu du. Bestetik, etorkizunean Erresuma Batuak eta Europar Batasunak izango duten merkataritza harremanari buruzko negoziazioan Parlamentuari nolabaiteko kontrola ematen zion xedapena kendu dute.

Bozketa aurreko eztabaidan, Johnsonek batasuna eskatu die alderdiei brexita gauzatzeko. "Batera jarduteko unea da; gure herriaren historiako kapitulu berri bat idaztera goaz", adierazi du.

Alderdi Laboristak, baina, "aurreko ituna txarra bazen, aldaketa berriekin are okerragoa" dela ohartarazi du.   

Gabonetan itxita egongo da Parlamentu britainiarra eta diputatuak urtarrilaren 7an bueltatuko dira lanera.

Albisteak (3)