Istripu larria
20 pertsona hil dira Guatemalan, kamioi batek autobus baten aurka talka eginda
Agentzia | Erredakzioa
Beste 23 pertsona zauritu dira ezbeharrean. Kamioilariak ibilgailuaren kontrola galdu eta autobusaren aurka talka egin du. Autobusak 55 bidaiari zeramatzan istripuaren unean.
Gutxienez 20 pertsona hil eta 23 zauritu dira larunbat honetan Guatemalako ipar-ekialdean, kamioi batek autobus baten aurka talka eginda.
Istripua Atlantikoko ibilbidean gertatu da goizaldean, Gualanen (Zacapa probintzia), hiriburutik 168 kilometro ipar-ekialdera, suhiltzaile boluntarioek Twitter sare sozialean jakitera eman dutenez.
Aurreneko ikerketen arabera, kamioilariak ibilgailuaren kontrola galdu eta autobusaren aurka talka egin du. Autobusak 55 bidaiari zeramatzan istripuaren unean, La Prensa egunkariak azaldu duenez.
Juan Tomas Zacapako ospitalearen arduradunak erantsi duenez, ezbeharraren tokian sei zauritu larri artatu dituzte, eta horietako bat bertan hil da. Gainera, zenbait pertsona Gualaneko osasun zentroan artatu dituzte.