Caracas
Luis Parra Asanblada Nazionaleko presidente izendatu dute Venezuelan Guaidoren ordez
Agentzia | Erredakzioa
Guaidoren aldekoek beste saio alternatibo bat egin dute, eta Guaido bera izendatu dute Ganberako presidente.
Venezuelako Asanblada Nazionalak Luis Parra Primero Justicia alderdiko diputatu presidente izendatu du igande honetan Juan Guaidoren ordez.
Bozketan diputatu chavisten babesa jaso du Parrak. Guaidok eta haren jarraitzaileek "estatu-kolpe parlamentarioa" salatu dute.
Guaido ez da saioan egon; izan ere, diputatu batzuk ezin izan dira Parlamentura sartu Poliziaren kontroletan.
Ordu batzuen ondoren, Guaidoren aldekoek beste saio bat egin dute “El Nacional” egunkariaren erredakzioan, eta Guaido bera izendatu dute Ganberako presidente, 100 botorekin.
Guaido "iragana da", adierazi du Parrak. "Iraganari lotuta ez dugu jarraituko, Juan Guaido guretzako iragana da eta etorkizunari ateak zabaldu behar dizkiogu", esan du VTV telebistan.
Parraren ahotan, Guaidok "hemen egon behar zuela bazekien, beste guztiak bezalaxe", eta "inork ez dio sartzea eragotzi", baina kanpoan "geratzea erabaki" du, berriro izendatzeko "boto nahikorik ez zeukalako".
Parraren hitzetan, herrialdea berreraikitzeko "polarizazioa atzean utzi" eta "konfrontazioa saihestea" beharrezkoa da.
"Hauteskunde prozesu batean aukeratzea ez da delitua. Hauteskunde Kontseilu Nazionala (CNE) Konstituzioak arautu bezala definitzea nahi dugu. Ez dugu kale egingo, horren guztiaren gainetik egongo gara", adierazi du Parrak, Efecto Cocuyo bertako komunikabideak jakitera eman duenez.
Nicolas Maduro Venezuelako agintariak ziurtatu duenez, Guaidok "ez du aurpegia eman nahi izan", eta horregatik ez da Parlamentuan sartu. "Ez da oso ausarta, egoerari aurre egin behar zion, baina aurpegirik ez du eman nahi izan", esan du Madurok beisbol estadio baten inaugurazioan La Guaira hirian, Caracasetik gertu.
"Maduroren diktaduraren estatu-kolpe parlamentarioa" salatu du Guaidoren behin-behineko Gobernuak dagoeneko.
"Botorik eta arauzko quorumik gabe, PSUVeko eta Clap frakzio usteleko diputatuek zuzentarau faltsua aurrera atera dute", salatu dute Guaidoren jarraitzaileek.
Freddy Gueva diputatuaren ahotan, PSUV Maduroren alderdiak "ustelkeriaz akusatutako diputatuak babestu ditu, Parlamentuari eman dioten estatu-kolpe aldrebesean". "Diputatuei sarrera eragotzi diete hau egiteko eta, hala ere, ez dute quorumik lortu, ezta gehiengorik ere", salatu du.
Parlamentuaren eraikinera sartu ezinda, Guaidok kanpoaldean saio alternatiboa egingo dutela iragarri du.
Oposizioak salatu duenez, "Maduroren diktadurak jazarritako 49 diputatu dira, horietako asko erbestean eta beste batzuk askatasunik gabe, kartzelan". Auzipetu eta immunitate parlamentarioa kendu zieten auzitegiek.
Juan Guaido Venezuelako presidente bezala onartu zuten zenbait gobernuk gaurko bozketa errefusatu dute dagoeneko, besteak beste, AEB, Kolonbia, Paraguai eta Portugalek.