Itxi

Osasuna

Txinak 571 pneumonia kasu atzeman ditu koronabirus berriaren ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bestalde, Munduko Osasun Erakundeko adituek (MOE) gaur erabakiko dute Txinan sortu eta zabaldu den birus berriarengatik larrialdi egoera deitu ala ez.

Wuhan hirian bertan behera utzi dituzte garraio zerbitzuak, birusa zabaldu ez dadin. Argazkia: EFE

Txinako Osasun Batzordeak ostegun honetan baieztatu duenez, 2019-nCoV koronabirusak eragindako pneumonia kasuak 571 dira jada, herrialdeko 25 eskualdetan, eta beste 393 kasu gehiagoren susmoa dute.

Koronabirus berria Wuhan hirian agertu zen, Txina erdialdean, eta dagoeneko 17 pertsona hil dira Hubei probintzian birus horren eraginez.

Orain arte, Hong Kongen, Macaon, Taiwanen, AEBn, Japonian eta Koreako Errepublikan ere atzeman dute koronabirus berria, eta toki horietan guztietan kasu bana atzeman dute. Thailandian, berriz, hiru kasu baieztatu dituzte jada.

Halaber, Txinako Osasun Batzordeak jakinarazi duenez, koronabirus berriak gaixotutako pertsonekin topo egin duten 5.897 pertsona zenbatu dituzte, eta horietatik 4.928 behaketan dituzte. Gainerako 969ei alta eman diete.

Horren aurrean, birusa zabal ez dadin, Wuhan hirian bertan behera utzi dituzte garraio publikoko zerbitzuak, inguruan bizi diren herritarrei bertan gelditzeko eskatu die Txinako Gobernuak, eta tren geltokiak eta aireportua itxita egongo direla jakinarazi die.

Zer da koronabirusa?

Koronabirusak arnasbideei eragiten dieten birusen familia handi bateko birusak dira, eta ohiko hotzeria edota arnas sindrome akutu larria (SARS) eragin ditzakete.

Gaixo dauden pertsona gehienek sukarra dute, eta batzuek arnasa hartzeko zailtasunak dituzte.

Ildo horretatik, koronabirus berriari buruz adituek orain arte egin dituzten ikerketan aztertu dutenez, inkubazio aldia bi astekoa izan daiteke, Txinako osasun agintariek atzo, asteazkena, argitaratutako prebentzio eta kontrol plan baten arabera.

MOEk gaur erabakiko du nazioartean larrialdi egoera deitu ala ez

Bestalde, Munduko Osasun Erakundeko adituek (MOE) gaur, osteguna, erabakiko dute Wuhan hirian (Txina erdialdea) sortu eta zabaldu den koronabirus agerraldia nazioartean larrialdi egoera deitzeko modukoa den ala ez.

Nazioarteko 16 medikuk osatzen duten larrialdi batzordea atzo bildu zen lehen aldiz, erakundeak Genevan duen egoitzan, baina ordu luzez eztabaidatu ostean, ez zuen adostasunik lortu. Hori dela eta, gaur beste bilera bat egingo dute, koronabirusaren hedapenak azken orduotan izan duen garapena berraztertzeko. Izan ere, 'Wuhango pneumonia' izenaz ezagutzen dena oso azkar zabaldu da azken egunotan.

Gaurko bileran erabakiko dute nazioartean larrialdi egoera deituko duten, eta, hala egingo balute, mundu mailako prebentzio neurriak hartuko dira, 2014an Ebolarekin edo 2016an Zika birusarekin egin zen bezalaxe.

Gainera, gizakien artean birusa heda daitekeela frogatzen duten ebidentziak aurkitu dituztela esan dute erakunde horretako adituek, eta horrek azkarrago zabaltzen du birusa.

Maria Van Kerkhova MOEko gaixotasun berrien saileko zuzendariak azpimarratu duenez, koronabirusak animalia batean izan dezake jatorria. Adituen hipotesi nagusien arabera, ziurrenik Wuhango arrain eta itsaskien merkatu batean pasatu zen animalietatik gizakietara, eta, hipotesi hori baieztatzeko, jakiak saltzen dituzten inguruko denda batzuk miatu dituzte, jatorria lehenbailehen zehazteko asmoz.

Oraingoz, MOEk ez du alertarik zabaldu Txinara doazen bidaiarien aurrean, eta kaltetutako eremuetako biztanleei oinarrizko higiene-neurriak zorroztea baino ez die gomendatu, hala nola eskuak xaboiarekin garbitzea, eztul eta doministiku egitean ahoa edo sudurra estaltzea, eta gripearenak bezalako sintomak dituzten pertsonekin harremanik ez izatea.

Albisteak (2)