Kargatzen...
Itxi

Osasuna

Munduko Osasun Erakundeak ez du alertarik ezarriko nazioartean, koronabirusa dela eta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Txinan larrialdi egoeran badaude ere, alerta mundu osora zabaltzeko arrazoirik ez dagoela ebatzi du. Hala ere, balizko koronabirus kasuak antzemateko neurriak hartzeko eskatu die herrialdeei.  

Langile bat Nanchang hiriko tren-geltokia desinfektatzen. Argazkia: EFE

Munduko Osasun Erakundeak ez du nazioarte mailako alertarik ezarriko Txinako Wuhan hirian agertu den koronabirusa dela eta. Dagoeneko 600 kasu baino gehiago antzeman dituzte, eta 17 pertsona hil dira gaitzak jota.

Munduko Osasun Erakundearen larrialdietarako batzordeak bi egun eman ditu egoera aztertzen eta, oraingoz, alerta ezartzeko goizegi dela ebatzi du, Didier Houssin batzorde horretako presidenteak jakinarazi duenez.

Nolanahi ere, ez dute baztertu datozen asteetan berriro biltzea eta azkenean alerta ezarri eta hainbat neurri hartu behar izatea.  

Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak zehaztu du egoera larria dela pentsatzen dutela, baina oraingoz alerta mundu osora zabaltzeko arrazoirik ez dagoela, Txinan emergentzia egoeran badaude ere.

Alerta ezarri ez arren, Munduko Osasun Erakundeak aireportuetan kontrolak jartzeko eskatu du, eta nazioarteko herrialdeei balizko koronabirus kasuak antzemateko neurriak hartzeko gomendatu die.

Horrez gain, Txinako Gobernuak orain arte hartu dituen neurriak epidemia gelditzeko balioko dutenaren itxaropena agertu du.

BIDEOA | Txinak Wuhan hiria itxi du koronabirus berria zabal ez dadin

 

Albisteak (3)