Itxi

Israel-Palestina gatazka

Jerusalem eta Jordanen ibarra Israeli ematea aurreikusten du Trumpen planak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Halaber, AEBko presidenteak Estatu palestinarra eraikitzea proposatu du, eta hiriburua Jerusalem ekialdean izango luke.

Benjamin Netanyahu eta Donald Trump, Etxe Zurian. Argazkia: EFE

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Israel eta Palestinaren arteko gatazkari amaiera emateko asmoz landu duen proposamena aurkeztu du astearte honetan. Plan horrek Jerusalem eta Jordanen ibarra -Zisjordaniaren %30- Israeli ematea aurreikusten du eta asentamendu israeldarrak aitortzen ditu.

Halaber, Palestinak Estatu propioa eraikitzea babestu du. Palestinaren hiriburua Jerusalem ekialdean egongo litzatekeela iragarri du, xehetasun gehiagorik eman gabe. "Mendeko akordioa" deitu dio planari.  

Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarra ondoan zuela aurkeztu du dokumentua Trumpek. Agerraldi horretan "Jerusalem Israelen hiriburu zatiezina" izango dela agindu du.

Israelen subiranotasuna aitortuko duela azpimarratuta, palestinarrek Estatu propioa izango duela eta hiriburua Jerusalemen ekialdean egongo dela ziurtatu du.

Lurralde palestinarra "egungoaren bikoitza" izango dela esan du, baina ez du argitu mugak zeintzuk izango liratekeen. Edonola ere, "israeldarrek eta palestinarrek ez dituzte euren etxeak utziko beharko", erantsi du.

Horrez gain, nazioarteko zuzenbideak legez kanpokotzat jotzen dituen asentamendu israeldarrak aitortzea erabaki du Trumpek, lau urtez lursail horietan jarduerarik ez egitearen baldintza jarrita.

Proposamena onartzeko deia palestinarrei

Bi aldeek aipatu ituna abiapuntu gisa onartuz gero, Israel eta Palestinaren arteko negoziazio prozesu bat hasiko litzateke.

"Batera modu baketsuan existitu ahal izateko erronka onar dezatela eskatzen diegu palestinarrei. Aitortza berehalako izan liteke", adierazi du Trumpek.

AEBko presidenteak esan du "asko" egin duela Israelen mesedetan eta, ondorioz, ez duela Israelen segurtasuna arriskuan jarriko lukeen ezer onartuko. Alabaina, palestinarren alde ere zerbait egin behar duela gaineratu du, "bestela ez litzateke justua izango".

Palestinak Estatu propioa eraikitzeko "aukera historikoa" daukala azpimarratuta, Trumpek proposamena onartzeko eskatu die, "azken aukera" izan daitekeela ohartarazita.

Ameriketako Estatu Batuek Palestinako Estatua aitortuko luketela eta Jerusalem ekialdean egongo litzatekeen hiriburuan enbaxada bat irekiko luketela ziurtatu du.

Ildo horretan, Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteari plana onar dezala eskatu dio. Balizko Estatuari buruzko xehetasunak biltzen duen dokumentua helarazi diola erantsi du.

Proposamen bat dela eta behin betiko bake-akordioa adosteko bi aldeek lau urteko epea izango luketela gogoratu du Trumpek.

"Abbas, jakin dezazula, bakearen bidea aukeratzen baduzu, Estatu Batuak eta beste herrialde asko bide luze horretan laguntzeko prest egongo garela", agindu du.

Abbasek plana baztertu du

Bestalde, Benjamin Netanyahuk begi onez hartu du Trumpek egindako proposamena eta testu hori oinarri hartuta "palestinarrekin bakea negoziatzeko prest" dagoela esan du.

"Bakerako beste plan batzuek erakutsi ez duten oreka ikusi dugu plan honetan. Baldintza horiek guztiak onartzen badituzte, Israel hor egongo da bakea oraintxe bertan negoziatzen hasteko", erantsi du.

Nolanahi ere, Mahumud Abbasek dagoeneko aurreratu du palestinarrek ez dutela atzera egingo eta plan hori baztertu egiten dutela.

"Hasieratik errefusatzen dugu itun hori. Agerian geratu da jokabide egokia hartu genuela itxaroten egoteari uko eginda", adierazi du Ramalan premiazko bilera bat egin eta gero. "Ez gara makurtuko eta ez dugu atzera egingo", azpimarratu du.

Albisteak (2)