'Brexit'a
Erresuma Batuak aro berri bati ekingo dio, EBtik irteteko prozesuarekin
Agentziak
Otsailaren 1ean, 11 hilabeteko trantsizio-epea hasiko da. Erresuma Batuak Europar Batasunaren araudia errespetatzen jarraitu beharko du, horren egituren parte izango baita oraindik.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadoreak brexitari buruzko hitzaldi bat eskainiko du gauean, Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) atera baino ordubete lehenago, eta ongietorria emango dio "aro berri baten egunsentiari", Downing Streeteko bozeramaile batek aurreratu duenez.
Halaber, lehen ministroaren egoitza ofizialean proiektatuko duten atzerako kontaketa abiaraziko dute ordu horretan, eta Londres erdiguneko eraikin ofizialak gorriz, zuriz eta urdinez argiztatuko dituzte, bandera britainiarraren koloreekin.
Westminster jauregia ere banderekin apainduko dute, Downing Streeten esanetan "historikoa" izango den eguna ospatzeko.
Goizean, Johnsonek gobernu kabinetearen bilera egingo du Ingalaterra iparraldean, Sunderland hirian. Izan ere, 2016ko ekainean brexitaren inguruko erreferenduma egin zutenean, Europar Batasunetik alde egiteko aukera nabarmen gailendu zen hor.
"Herri hau batu eta aurrera egitea da nire egitekoa lehen ministro gisa", esango du Johnsonek bere hitzaldian. "Hau ez da amaiera bat, hasiera bat baizik. Hori da gaur esan behar dudan gauzarik garrantzitsuena", gaineratuko du Johnsonek. Izan ere, Europar Batasunetik irtetea herrialdeari "benetako aldaketa" gauzatzea ahalbidetuko diola uste du.
Horren iritziz, "Europar Batasuna uzteak aro berri baten egunsentia adierazten du, non jada ezin dugun onartu zuen bizi-aukerak, baita zuen familienak ere, jaio eta hazi zineten tokiaren mende egotea".
Johnsonek gehiengo osoa lortu zuen abenduko hauteskunde orokorretan, eta boto kopuru handia kendu zion Alderdi Laboristari Ingalaterra iparraldean, batez ere krisi ekonomikoak kalte handien eragin duen industrialdeetan. 2026ko erreferendumean ere brexitaren aldekoak nagusitu ziren.
Otsailaren 1ean, 11 hilabeteko trantsizio-epea abiatuko da. Erresuma Batuak Europar Batasunaren araudia errespetatzen jarraitu beharko du, horren egituren parte izango baita oraindik ere. Dena dela, epe horretan, Londresek eta Bruselak aldebiko harreman berri bat negoziatzea espero dute, merkataritza arloko itun bat barne, 2021eko urtarrilean "haustura malkartsua" saihesteko.
Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea ibilbide luze baten azken edo azken-aurreko kapitulua da, eta hainbat protagonista izan ditu. Lehen ministroek, buruzagi euroeszeptikoek, negoziatzaile europarrek eta gainerako eragileek sortu ahala konpondu dituzte arazoak, polemika artean.
Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma
Bestalde, inkesta berri baten arabera, eskoziarren % 51k lurralde horren independentziaren alde bozkatuko lukete brexita behin betiko gauzatu ostean, eta % 49k, aldiz, kontra.
Hala, 2015ean egindako inkesten ostetik, baiezkoak lehen aldiz irabazi dio ezezkoari, Eskoziak erreferendum batean independentzia baztertu eta urtebetera. Egun hartan, sezesioaren aurkako aukera gailendu zen, kontrako % 55,3 boto eta aldeko % 44,7 lortuta.
Dena dela, lurralde horretan bigarren galdeketa bat egiteko aukera baztertu du Johnsonek, eta 2014ko erreferenduma "belaunaldi batean behin" bakarrik gertatu ohi diren gauza horietako bat izan zela nabarmendu du, BBC tokiko telebistak zabaldu duenez.
Eskoziako buruzagiak hauteskundeen aurretik esan zuen aurten galdeketa bat egiteko asmoa duela, eta eskumenen transferentzia aipatu du "Eskoziako Parlamentuaren ardura" izan behar duen deialdi berri hori justifikatzeko.
Europak tentuz hartuko du irteera
Europako Batasunak, aldiz, ez du ekitaldi berezirik prestatu Erresuma Batuari agur esateko. Hala, Ursula Von der Leyen (Europako Batzordeko presidentea), Charles Michel (Europako Kontseilukoa) eta David Sassoli (Europako Parlamentukoa) Europako erakundeetako presidenteek adierazpen bana irakurri besterik ez dute egingo.
Haustura barneratuta, aurrerantzean izango duten adiskidetasuna prestatzen hasiko dira bi aldeak, ahal bezain laster akordioa lortu nahi baitute. Ildo horretatik, Londresek merkataritza akordio propio bat nahi du, eta Europako arauditik kanpo geratu.
Bestalde, Michel Barnier EBko negoziatzaileak ziurtatu du errespetuz negoziatuko dutela, eta ez direla oldarkor ariko. Alabaina joko-arau garbiak nahi dituztela ohartarazi du, Erresuma Batuak Europako arrantzaleen jarduna oztopa ez dezan, besteak beste.
AEBk "ilaran lehena" kokatu du Londres
Bestalde, Mike Pompeo Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Estatu idazkariak esan du Erresuma Batua Washingtonekin merkataritza akordio bat sinatzeko "ilaran dagoen lehen herrialdea" dela, irteera gauzatu ondoren.
Donald Trump AEBko presidentearen administrazioa brexitaren alde agertu da hasieratik, Barack Obama aurreko presidentea ez bezala. Orduan, herrialdea Europar Batasunetik ateratzen bazen AEBrekin merkataritza ituna sinatzeko aukera duten estatuen "ilararen amaieran" egongo zela ohartarazi zuen Obamak Erresuma Batura egindako bisita batean.
Pompeo, aldiz, Erresuma Batura joan da bi herrialdeen arteko elkarrizketari "hasiera eman" eta akordioa lehenbailehen sinatzeko asmoz, baina ez du horretarako eperik zehaztu nahi izan. "Ez da erraza izango, eta gai batzuk oso korapilatsuak izango dira. Bi negoziazio taldeek euren interesak babestuko dituzte, negoziazioak horrela egiten direlako", ohartarazi du Estatu idazkariak, baina bi gobernuak bidean aurkituko dituzten "zailtasunak" gainditzeko gai izango direla uste du.
Jarraipen berezia EiTBn
EiTBko albistegiek bertatik bertara emango dute brexitaren berri. Arreta berezia jarriko diote telebistan, irratian eta Interneten. Testuinguru horretan, eitb.eus-ek, irrati eta telebistako eduki eta emanaldi guztiak eskaintzeaz gainera, adituen iritziak bilduko ditu, eta Felipe Etxebarria kazetariak analisia egingo du.