Itxi

'Brexit'a

Zer gertatuko da Erresuma Batuan larunbatetik aurrera, 'brexit'arekin?

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Erresuma Batuak Europar Batasuna utziko du, baina, gutxienez abenduaren 31ra arte, trantsizio-epea izango da indarrean, Erresuma Batuak eta Europar Batasunak izan beharreko harremanak negoziatzeko.

Trantsizio-epea abiatuko da Erresuma Batuan, hemendik aurrera. Argazkia: EFE.

Ostiral gauean, 2020ko otsailaren 1a hastearekin batera, Erresuma Batuak Europar Batasuna utziko du. Hortaz, aurrerantzean, ez da izango Europar Batasunaren kideetako bat, eta ez du parte hartuko horren erakundeetan: Europako Parlamentuan, Europako Kontseiluan (Europar Batasuneko herrialdeetako estatuburuek eta gobernuburuek osatzen dute, eta Europar Batasunaren orientazioak eta lehentasun politiko orokorrak zehazten dituzte bertan), agentzietan, bulegoetan edo gainerako organoetan. Baina, gutxienez 2020ko abenduaren 31ra arte, trantsizio-epe bat izango da indarrean. Erresuma Batuak eta Europar Batasunak hemendik aurrera elkarrekin izango dituzten harremanak negoziatu beharko dituzte epe horretan.

Hala, trantsizio-epe hori, gutxienez, 2020ko abenduaren 31ra arte izango da indarrean. Nolanahi ere, luzapen bat izan lezake, bat bakarrik, eta luzapen horren iraupena urtebetekoa edo bi urtekoa izan daiteke (hau da, 2021eko edo 2022ko abenduaren 31ra arte egongo litzateke indarrean). Balizko luzapen horren gaineko erabakia (onartu edo ez eta noiz arte) uztailaren 1a iritsi aurretik hartuko beharko dute.

Praktikan, eta trantsizio-epe horren ondorioz, Erresuma Batuko eta Europar Batasuneko herritarrek ez dute inolako alderik igarriko larunbat honetatik aurrera, brexita gauzatuta. Baina sakonago azaldu beharreko kontua da.

Zer gertatuko da 2020ko otsailaren 1ean?

Europako Batzordeak bere web orrian jasotzen duenez (Europako Batzordeak Europar Batasunaren interesak babestu eta ordezkatzen dituen erakundea da, eta abenduaren 1etik Ursula von der Leyen du presidente), Erresuma Batuak Europar Batasuna utzita, Irteera Akordioa berretsita, trantsizio-epea sartuko da indarrean. Irteera Akordioan adostu zuten, eta, indarrean dagoen bitartean, herritarrek, kontsumitzaileek, enpresek, inbertitzaileek, ikasleek eta ikertzaileek ez dute inolako aldaketarik nabarituko Europar Batasunean eta Erresuma Batuan. Erresuma Batuak ez du ordezkaritzarik izango Europar Batasuneko erakunde, agentzia, organo eta bulegoetan, baina Europar Batasuneko Zuzenbidea, trantsizio-epea amaitu arte, Erresuma Batuan ezartzen jarraituko dute.

Epe horretako, Europar Batasunak eta Erresuma Batuak etorkizunerako euren arteko harreman zintzoa hitzartzeko aukera izango dute, eta harreman horrek 2019ko urrian adostutako adierazpen politikoa izango du abiapuntu. Negoziazioak otsailaren 3an hasi ahalko dira, astelehenarekin, eta Europar Batasunak lantalde espezifikoa izendatu du negoziazio horietarako, Michel Barnier frantziarrak zuzenduko duena. Barnierrek urteak daramatza Europar Batasunean lanean, eta Frantziako Gobernuan ere ibilia da.

Zein estatus izango du Erresuma Batuak trantsizio-epean?

Gutxienez 2020ko abenduaren 31ra arte, eta, epe hori beste urtebetez edo bi urtez luzatuz gero, Europar Batasuneko erakunde, organo, bulego eta agentzia guztiek Europar Batasuneko Zuzenbideak emandako eskumenak izaten jarraituko dute, Erresuma Batuarekin eta herrialde horretako herritar eta enpresekin. Europar Batasunaren Justizia Auzitegiak ere izango du eskumena, trantsizio-epe horretan. Eta, horrez gain, Erresuma Batuak ahalmena izango du nazioarteko akordioak ixteko, beste herrialdeekin edo nazioarteko erakundeekin, akordio horiek ez badira ezartzen trantsizio-epean.

Zeintzuk izango dira Erresuma Batuaren betebeharrak trantsizio-epean?

Europar Batasuneko Zuzenbidea ezartzen jarraituko dute Erresuma Batuan, eta herrialdeak Aduana Batasunean eta Europar Batasuneko merkatu bakarrean jarraituko du. Justizia-politika eta Europar Batasuneko barne-gaiak ere ezartzen jarraituko dute, eta Europar Batasuneko legea betetzen dela kontrolatzen duten baliabideek ere eskumena izango dute. Europar Batasunak hitzartutako nazioarteko akordio guztiak errespetatu beharko ditu Erresuma Batuak, eta, Europar Batasunak baimendu ezean, ez du ahalmenik izango akordio berririk ezartzeko Europar Batasunak eskumen esklusiboa duen arloetan.

Halaber, Europar Batasuneko atzerri eta segurtasun komuneko politikak indarrean jarraituko dute trantsizio-epean. Adibidez, Erresuma Batuak aukera izango du Europar Batasuneko Segurtasun eta Defentsa Politika Komuneko misio eta operazioetan parte hartzeko.

Albisteak (6)