Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Trumpek immigrazioaren kontra egin du Nazioaren egoerari buruzko hitzaldian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Trumpen hitzaldian zehar, agerian geratu dira errepublikanoen eta demokraten arteko liskarrak. Izan ere, agintariak ez dio eskua eman nahi izan Nacy Pelosiri.

Donald Trumpek ez dio eskua eman Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteari. Argazkia: EFE

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak legealdi honetako lorpen ekonomikoak nabarmendu ditu astearte honetan Kongresuan, Nazioaren egoerari buruzko hitzaldian. Halaber, AEB eta Mexiko arteko muga zeharkatzen duten migratzaileen kontra agertu da, eta "legez kanpoko atzerritarrei" herrialdean "doan" eskaintzen zaien osasun arretarekin amaitzeko legeak proposatuko dituela ziurtatu du.

Testuinguru horretan, Mexikorekin, Guatemalarekin eta El Salvadorrekin mugen inguruan lortutako akordioak aipatu ditu agintariak, eta "legez kanpoko immigrazioari aurre egiten laguntzeko harresia eraikitzeko beharra" azpimarratu du, horrela, "gaizkileek AEBra sartzeko erabiltzen dituzten hutsuneekin amaitzeko".

Trumpen hitzaldian zehar, agerian geratu dira errepublikanoen eta demokraten arteko liskarrak. Izan ere, agintariak ez dio eskua eman nahi izan Nacy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteari, eta bizkarra eman dio testua irakurri duenean.

AEBko presidentearen jokabide horren aurrean, testu horren kopia bat hautsi du Ordezkarien Ganberako buruak Nazioaren egoerari buruzko hitzaldia amaitzean. Pelosik, Trumpen aurkako epaiketa politikoa aurrera eraman duen ganberako arduraduna da. AEBko presidenteak, ordea, ez du impeachmentari buruzko aipamenik egin.

Nazioaren egoerari buruz eskaini duen hirugarren hitzaldian, Trumpek bere politika ekonomikoak nabarmendu ditu, eta Etxe Zuriko buru denetik herrialdeko "ekonomia inoiz baino hobeto" dagoela ziurtatu du.

Horrez gain, gaixo terminalei "herrialdean sendatzeko aukera· eman nahi diela esan du AEBko presidenteak, eta, horrenbestez, tratamendu esperimentalak eskuratzeko baimena emango duela iragarri du, "herrialdez herrialde joan ez daitezen sendabide baten bila".

Gainera, abortuak mugatzeko lege bat onartzeko eskatu dio Kongresuari, "giza bizitza bakoitza Jainkoaren opari sakratua" dela iritzita.

Bestalde, Irani ezarritako zigor ekonomikoek indarrean jarraituko dutela ohartarazi du AEBko presidenteak, baina horiek edozein unetan bertan behera uzteko aukera eman dio Teherango gobernuari, "bere arma nuklearren inguruko politika alde batera utzi eta heriotza eta izua zabaltzen uzten badu".

"Denbora gutxian arazoa konpondu dezakegu. Agian harroegiak edo oso inozoak dira laguntza eskatzeko. Ikusiko dugu zein den aukeratzen duten bidea", esan du AEBko presidenteak. Ildo horretatik, Qasem Soleimani Irango jenerala hil zuen erasoa txalotu du, "munduko terrorista hilgarriena" zela arrazoituz.

Halaber, Kubako eta Venezuelako "diktadura komunista eta sozialistei" ezarri dizkien zigor "zorrotzak" goraipatu ditu Trumpek. Gainera, Juan Guaido  Venezuelako "presidente arduraduna" AEBko Kongresuan izan da, hitzaldia entzuteko gonbidatuen artean, eta errepublikanoen zein demokraten babesa eta txaloak jaso ditu Trumpek "presidente legitimoa" dela esan dionean.

Ipar Koreako "erregimen gaiztoa" ere gogor kritikatu du AEBko presidenteak, herrialdean "misil nuklearrak zuhurtziarik gabe garatzeko egiten ari diren ahaleginek AEBko segurtasuna arriskuan jar dezaketelako laster".

Bestalde, Trumpen jokabide matxistak salatzeko asmoz, legegile demokrata asko zuriz jantzi dira, eta AEBko Konstituzioak emakumeei  botoa emateko eskubidea eman zien eguna gogora ekarri dute.

Albisteak (4)