Koronabirusa
Txinako ekonomia hazi egingo dela esan dio Xik Trumpi, koronabirusa oztopo izan arren
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, bi potentzia ekonomikoek merkataritza alorrean adostutako "akordioa gauzatzea" eta "bide onetik doazen elkarrizketak bultzatzea" espero duela esan du Txinako presidenteak.
Txina ekialdeko Wuhan hirian sortu eta nazioartean zabaltzen ari den koronabirus berriak epe luzera ez duela herrialde horren garapen ekonomikoan eraginik izango esan dio Xi Jinping Txinako presidenteak Donald Trump AEBko presidenteari, bi agintariek telefono bidez izan duten elkarrizketa batean.
CCTV tokiko telebistaren arabera, Txina izurritea gainditzeko gai izango dela esan du Xik, eta bi herrialdeen arteko merkataritza-gerra amaitzeko asmoz Pekinek eta Washingtonek duela gutxi sinatu zuten akordioaren lehen fasea gogora ekarri du.
Alabaina, hedabide batzuek azken egunotan ziurtatu dutenez, AEBrekin adostutako konpromisoak betetzeko zailtasunak izango lituzke Asiako estatuak, koronabirusaren hedapenak Txinako ekonomian izan dituen ondorioengatik. Dagoeneko, 635 pertsona hil dira gaixotasun horren eraginez.
Xiren hitzetan, Txinaren eta AEBren artean "desadostasun batzuk" egon arren, "denontzako onargarria den irtenbide bat" aurkituko dute bi aldeek beti, elkarrizketaren bidez, betiere "berdintasuna eta elkarrekiko errespetua" badira.
Halaber, bi potentzia ekonomikoek adostutako "akordioa gauzatzea" eta "bide onetik doazen elkarrizketak bultzatzea" espero duela esan du Txinako presidenteak.
Bestalde, "Txina koronabirus berriaren oztopoari aurre egiteko gai izango da", AEBko Gobernuaren ustez, Judd Deere Etxe Zuriko bozeramaileak Twitter bidez zabaldutako mezu batean azaldu duenez.
Bi aldeen arteko "elkarrizketari eta lankidetzari eustea" adostu dute bi buruzagiek. Halaber, "AEB-Txina akordioaren lehen fasea lorpen handia dela gogoratu dute, eta lehenbailehen gauzatzeko konpromisoa berretsi dute", gaineratu du.
Txinako hedabideen arabera, koronabirusaren aurkako borrokan babesa adierazi dio Trumpek Txinari, eta herrialde horren ekonomiaren hazkundean duen konfiantza nabarmendu du. Halaber, izurritearen aurrean, Washingtonek "lasai" jokatuko duela esan omen dio.